Debabarrenean energia aurreztuz programaren barruan, etxeko faktura elektrikoa ulertzen lagundu eta etxean aurrezteko aholkuak eman dizkiete herritarrei Mutrikun. Zeregin horietan laguntzen
Debegesako bi teknikari aritu dira.
Mutrikuarrek euren etxeetako faktura elektriko batekin joateko aukera izan dute, eta hari buruz zituzten duda guztiak galdetu. Lehendabizi, eskuartean eraman duten faktura zelan egituratuta dagoen azaldu diete, eta gerokoan, puntu guztiak zehatzago begiratu dituzte.
Teknikarien iritziz, kontratatutako potentzia batek edo besteak berebiziko garrantzia izan dezake aurrezterako orduan.”Askotan behar dutena baino gehiago dute kontratatua, eta jaistea gomendatzen dugu. Era berean, gutxiegi edukitzea ere ez da komeni, kasu horretan argirik gabe gera daitezke eta”.
Herritarrak informazio eskatzen
Debegesako kideen arabera, etxeko tresneria guztia (berogailua, sukaldea, garbigailua…) elektrikoa edukiz gero 4,4 kilowatio orduko potentzia kontratatuta edukitzea nahikoa suertatu daiteke, bestelakoan, 3,3rekin hainbat familia moldatzen direla ere badiote. Adibide bat jartzekotan, 4,4tik 3,3ra kontratazio jaitsita, familia batek 60 euro aurrez ditzake urtebetean.
Kasu bakoitza banan-banan errepasatu eta aztertu beharra dagoela nabarmendu dute. Kontsumoak alderatu, eta familia bakoitzari zer komeni zaion gehien gomendatzen dute. “Hain zuzen ere, etxe bakoitzean dauden etxetresnak nola erabiltzen diren eta horien energia kontsumoa nolakoa den jakitea garrantzizkoa bihur daiteke”.
Kontratatutako potentziaz gain, berau ze preziotan ordaintzen den jakitea ere garrantzizkoa dela azpimarratu dute. “Askotan gutxiengo tarifaren oso goitik dute kontratatuta, eta horrenbestez, asko garestitzen da faktura”.
Ohiturek ere, zerikusi handia
Kontratuan ez eze, norbere kontsumo ohiturak zainduz ere asko aurreztu daiteke. Horren inguruko hainbat gomendio jasotzen dituen eskuorriak ere banatu dituzte. Energia beroa behar duten tresnek gehien kontsumitzen dutela adierazi dute bi teknikariek. Berogailuak, sukaldeak, labeak, garbigailuak edota lehorgailuak, etxetik gehien kontsumitzen duten etxetresnak omen dira, eta horien erabileran nola aurreztu dakar, besteak beste, eskuorrian.
Berogailuen kasuan, esate baterako, behar ez diren erradiadoreak itxita edukitzea gomendatzen da, eta etxea hutsik baldin badago, denak itzaltzea. Berogailua, gainera, 20 gradutan erregulatzea gomendatzen da, igotzen den gradu bakoitzeko, %5eko energia kontsumoa handitzen delako. Sukaldeari dagokionez, ordea, bero hondarrak aprobetxatzea gomendatzen da, plaka minutu batzuk lehenago itzalita.
Iruditu ez arren, gainera, egonean dauden etxetresnek ere gastua dute. “Kontsumo hauek nahiz eta txikiak izan, aparatua martxan dagoenean baino handiagoak izatera hel daitezke. Hau dela eta, ez dituzunean erabili behar, itzali aparatuak”.
Etxetresnen etiketa energetikoak ere kontutan eduki behar dira aurreztu egin nahi baldin bada. Informazio hori aparatu elektrikoetan bertan agertzen da, eta A hizkitik G hizkira artean banatuta daude. Energia kontsumo txikiena dutenek tresnak A hizkidunak dira, eta altuena dutenak, aldiz, G hizkidunak. Etxeetan A, B edota C hizkidunak edukitzea gomendatzen da. “Garestiagoak baldin badira ere, luzera asko aurreratu daiteke”.