Final garrantzitsu bi izango ditu datorren asteburuan Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeak. Asteburuan lortu dute sailkapena, eta beraz, Herriarteko Esku Pilota Txapelketako eta Berria Txapelketako finalista izango da Markina-Xemeingo taldea.
Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldea partida bat jokatzen.
Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeko entrenatzialeak Peio Urionabarrenetxeak esan duenez, «ezin hobeto» joan zaie asteburua. Barikuan jokatu zuten Berria Txapelketako partida Iruñeako Hoberena taldearen kontra. Irabaztea «gaitz» ikusten zuten, hala ere, borrokak merezi izan zien.
Ohi den modura, kadeteak atera ziren lehenengo kantxara, eta galdu egin zuten. Gazteak, berriz, 22 eta 10 irabazi zioten Hoberenako bikoteari eta beraz, nagusien mailako partida izan zen erabakiorra. Pujana eta Castillo aurretik jarri ziren hasieratik, baina, gogor jokatu behar izan zuten partida 22 eta 17 irabazteko. Horrela, Usurbilen kontra neurtuko dira zapatuan, 17:00etan, Hernanin Markina-Xemeingo taldeko pilotariak. «Seguruenik nagusien mailan eerabakiko da garaipena. Bikote oso ona daukate eta gaitz izango dugu irabaztea, baina, duda barik gure ahalegina egingo dugu», azaldu du Urionabarrenetxeak.
Herriartekoa jokoan
Berria Txapelketa baino aurretik izango dute baina, Herriarteko Esku Pilota Txapelketako hitzordua. Barikuan, 19:00etan, jokatuko dute finala, Bilbon, Lemoaren kontra.
Herriarteko txapelketako bigarren jarduna erraz irabazi zuten esku pilota taldekoek. Galdakao «nahiko etsirik» ikusi zuen Urionabarrenetxeak. «Gu ondo ibiliz gero, gaitz zuten aurrera egitea». Etxekoak, gainera, ondo aritu ziren eta partida guztiak irabazi zituzten.
Herriarteko garaipena lorpen handitzat jo du esku pilota taldeko entrenatzaileak, eta beraz, dena emango dute txapelak etxera ekarri ahal izateko. Hala ere, Lemona talde ona dela azpimarratu du Peio Urionabarrenetxeak, eta beraz, partida lehiatu-lehiatua aurreikusten du, «ikusteko modukoa».