Nerea Arrizabalagak irabazi du 'Gatza eta Piperra' ekimeneko saria
Maiatzaren hirugarren astean jarri zuten ekimena martxan Bai txo! herriko euskara elkarteko kideek. Horretarako guztirako asmo garbiak zituzten elkarteko kideek: bertako hizkerari gatza eta piperra ematen dioten hitzak eta esaerak bildu eta edozein motatako mutrikuarrak “herriko hizkeraren altxorrera” begira jartzea.
Egitasmoa amaituta, balorazio “ezin positiboagoa” egin dute elkartekideek. “Eskerrak eman nahi dizkiegu herritarrei jaso ditugun ehundik gora ekarpenengatik. Horrez gain, azpimarragarria iruditzen zaigu parte hartu duen jendearen izaera anitza ere: haur zein heldu, gaiarekiko urrunago zein hurbilago, herritarrengana zabaltzeko aukera ederra izan delakoan gaude”.
Ekimenaren inguruko alde onak besterik ikusi ez arren, antolatzaileak ez dira konforme geratu eta “herrian zuku gehiago” atera daitekeelakoan daude eta ez dute baztertzen hurrengo urteetan antzeko ekimen gehiago antolatzea. “Helburua herritarren ekarpenekin osatuko den herri hizkerako harribitxien corpusa osatzea izango da, mutrikuarrei zein beste herritakoei zabaldua egongo dena, noski”.
Jaso dituzten datuak herriaren eskuragarri jartzeko modurik egokinea pentsatu bitartean, Bai txo! elkarteko kideak hasita daude jada batu dituzten hitz eta esaera guztiak biltzen eta txukuntzen.