Besteak beste, herriko iturrien inguruko informazioa bildu dute inbentarioan.
Ondarea babesteko ezagutu egin behar dela jakitun izanda, Aulestiko ondare materialen bilketa egin dute zenbait herritarrek. Ikerketa-lan horren emaitza da
Harriak liburua, eta bizilagunen aurrean aurkeztu dute dagoeneko.
Sei laguneko lantaldea ibili da proiektuan buru-belarri, eta horietako bat da Jabi Aranguena Artako. “Aspalditik igartzen genuen ondarea babesteko premia, eta babesteko, ezagutu egin behar da”, esan du.
Horregatik, ondare materialen inbentarioa osatu dute, 500 orrialde inguruko liburuan. 410 bat elementu jaso dituzte, eta bakoitzari fitxa bana egin diote.
Horietan jaso dute elementu bakoitzaren inguruan duten ezagutza, non kokatuta dagoen, dokumentazio zaharretan zein izen duen…
Halaber, fitxak argazkiekin osatu dituzte. Bizkaieraz idatzi dute, eta, guztira, 1.000 argazki baino gehiago sartu dituzte. 400 ale atera dituzte, eta udaletxean eta herriko Kantoko eta Josune janari dendetan ipini dituzte salgai 20 euroan.
Herritarren laguntza
Baina inbentarioa ez dute amaitu; behin-behineko emaitza da. Izan ere, Aranguenak azaldu duenez, fitxaka antolatzearen helburua lan “zabal” bat egitea izan da. “Asmoa da datozen urteetan informazio gehiago jasotzen joatea, eta berriztea, jende gehiago elkarrizketatuta eta… Eta fitxak berrizten joan. Hau da, urte birik edo hirurik behin fitxa batzuk aldatuko ditugu”, azaldu du.
Fitxak egokitu egingo dituzte, beraz, eta, horretarako, argi daukate herritarren laguntza ezinbestekoa dela. Hori esan zuten domekako aurkezpenean ere: “Jendea behar dugu, ondoetorriak dira edozein motako pertsonak; ondarearen zabalkundeak denak onartzen ditu, eta hainbeste gauza egin ahal dira ondarea zabaltze eta jasotze horretan”. Beraz, elementuren baten inguruko informazioa edota argazkiak dituztenei haiengana jotzea eskertuko lukete, edo bestela, helbide elektroniko honetara idaztea:
aulestiarrok@gmail.com.
Fitxak osatzeko lanean aulestiar askoren laguntza izan dute, baita argazkiak biltzerakoan ere. “Hala ere, argazki gehienak geuk ateratakoak dira, eta ahalegina egin dugu elementu bakoitzari bina argazki sartzen”.
Hain zuzen ere, aspaldiko argazki zaharrekin eta gaur egungoekin osatu dituzte fitxak. Dena den, elementu guztien argazki zaharrik ez dute topatu, eta horietan ikuspuntu ezberdinetatik ateratako argazkiak daude.
Halaber, Zubikarai Ondarroako idazlearen alabak emandako argazki batzuk ere ageri dira liburuan, bai eta Eibarko Ojanguren argazkilariarenak ere.
Udaletxea dagoen eraikinari buruzko informazio nahikoa topatu dute.
Informazio bilketa egiterakoan ere, antzekoa gertatu zaiela kontatu du Artakok: “Gauza batzuei buruz dezente dakigu, beste batzuei buruz ez daukagu ezer, eta misterio puntu bategaz gelditu dira”.
Esaterako, udalerriko XIX. mendeko iturri batzuk nahikoa ondo dokumentatuta daudela dio, eta udaletxea dagoen eraikinari buruzko informazio dezente topatu dute, baita dorretxeari buruzkoa ere.
Helburu zehatzak
XIX. mendeko elementu gehienei buruzko dokumentazioa nahikoa erraz aurkitu dute, baina horiek baino zaharragoak direnak ez dakite ondo nondik datozen. “Adibidez, Malax auzoan badago Erdi Aroko hilerriko disko bat, behin edo behin hilobi izandakoarena dela uste dugu, baina ez dakigu ziur”.
Ondare materialen memoria osatzerakoan, Mikel Gorrotxategi Euskaltzaindiako Onomastika batzordeko idazkariaren laguntza izan dute. Hark toponimia zati bat egin die; etxeen izenak hartu eta zer esanahi duten edota nondik etorri litezkeen aztertu du.
Era berean, Iratxe Ibarraren eta Aitziber Solozabal Aulestiko udaletxeko langilearen laguntza ere izan dute zuzenketak egiterakoan.
Aranguenaren berbetan, lan horrek bi helburu “argi” ditu: batetik, ondarea ezagutu eta babestearena, eta, bestetik, transmisioarena.
Egin duten lanetik abiatuta, eskolarako materiala sortu nahi lukete, eskolarako tresna baliagarria izan daitekeela iritzita baitaude: “Eskolako irakasle gehienak ez dira bertokoak, eta horregatik, hona datozen irakasleek herriari buruzko material dezentea topatzea ondo legoke”.
Domekan egin zuten liburuaren aurkezpena.