Malen jaiei begira, uztailaren 9an, 10ean eta 11n herriko saltokietan bilketa berezia egingo du Mutrikuko Elikagaien bankuak. “Malen jaiak hurreratzen ari diren honetan, ezinbestekotzat jotzen ditugun beharrak ase ezinik bizi den familia kopuru dexentea dago gure herrian”.
Mutrikuko Elikagaien bankua banaketa egiten
Zure erosketaren pixka bat asko da! lelopean egingo den kanpainan saltokietan ipiniko diren kutxetan herritarrek euren ekarpenak egin ahal izango dituzte. Kutxez gain, saltokietan itsulapikoak ere ipiniko dira, nahi duten guztiek bere ekarpena egin ahal izan dezaten. Hain zuzen ere, itsulapikoetan batzen den diruarekin jaki batzuk erosiko dira. “Ahalegin berri bat egiteko eskatzen zaie mutrikuarrei, bakoitzaren apur batekin asko lortuko dutelako beharra dutenei laguntzeko”.
Bilketa egun horietan jasotzen diren elikagai guztiak jaso eta antolatu ondoren, Elikagaien bankuko boluntarioek Malen aurretik egingo den banaketan banatuko dituzte. Iaz egindako bilketa kanpaina berezian, mutrikuarren eskuzabaltasunari esker, emaitza oso onak lortu ziren: besteak beste, 1.012 kilo elikagai eta 260 euro itsulapikoetan.