Espainiako Kongresurako eta Senaturako aurkeztuko dituen hautagaien behin betiko zerrendak aurkeztu ditu
EAJk. Jeltzaleek igorritako informazioaren arabera, Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroa kontutan edukita, guztira, Kongresurako 23 laguneko hautagai zerrenda aurkeztuko dute, eta hamabi laguneko hautagai zerrenda (lurralde bakoitzeko hiruna), ostera, Senaturako.
Maria Dolores Etxano (ezkerretik lehenengoa) eta Jose Maria Cazalis (ezkerretik hirugarrena) beste hautagaiekin batera. Argazkia: EAJ
Zerrenda horietan agertzen direnen artean azken legealdian beharrean aritu diren politikariez gain, aurpegi berriak ere badaude. Lea-Artibaiko herritarren artean, hautagaitza berrien artean Maria Dolores Etxano Ondarroako EAJren zinegotzia aurkeztu dute.
Etxano Bizkaiko zerrendan Senaturako hautagaien artean hirugarren dago. Politika arloan ibilbide luzea egin du ondarrutarrak, eta aurten, besteak beste, Ondarroako alkategai aurkeztu zen estreinako. Horrez gain, herri bereko alkateordea ere izandakoa da, eta 2012 urtetik hona Ondarroako EAJren Uri Buru Batzarraren lehendakaria ere bada.
EAJk Senaturako eta Kongresurako aurkeztu dituen hautagai nagusiak. Argazkia: EAJ
Bizkaitik Senatura aurkeztuko direnen artean, gainera, Jose Maria Cazalis lekeitiarra izango da zerrendaburu. Lekeitioko alkate izandakoa senataria da 2011z geroztik.
Kongresurako aurkeztuko diren behin betiko zerrendei dagokienez, sei laguneko talde gipuzkoarrarren lehen tokian Joseba Agirretxea ondarrutarra dago. 2011ko legealdiaz geroztik Kongresuan diputatu izan ostean, hautagaitza errepikatuko du ondarrutarrak.