UEMAko kide diren udalerrietako ordezkariak zapatuan, Azpeitian.
Azpeitiko (Gipuzkoa) zinegotzia da Labaka, eta zapatuan izendatu zuten lehendakari Azpeitiko San Agustin kulturgunean egindako Batzar Nagusian. Datozen lau urteetarako hartu du ardura hori azpeitiarrak. Zapatura arte Maren Belastegi izan da lehendakaria.
UEMAko kide diren udalerrietako ordezkariak bildu ziren Azpeitian, eta lehendakaria izendatzeagaz batera, Zuzendaritza Batzorde berria ere aukeratu zuten.
Hamar lagunek osatzen dute Zuzendaritza Batzordeko lantalde berria, eta tartean dago Mikel Ansotegi Aulestiko alkatea. Haregaz batera, lantalde horretan ordezkari hauek daude: Lierni Altuna (Aramaio), Onintze Amezaga (Gatika), Maider Arrieta (Lesaka), Amaia Azkue (Berastegi), Andere Enbeita (Muxika), Nekane Iribar (Zarautz), Manuel Labaka (Beizama), Eneka Maiz (Etxarri Aranatz) eta Josetxo Mendizabal (Zestoa).
Hain zuzen ere, Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako kideak bildu ditu Uemako zuzendaritzak, baita talde politiko guztietako hautetsiak ere: Bilduko sei, EAJko hiru eta independiente bat. Uemako kide diren udalerriek duten ordezkaritza politikoaren arabera osatzen da zuzendaritza batzordea.
Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 73 udalerri daude UEMAn, eta kopuru horri eustea ez ezik, legealdi berrian herri gehiagori atea zabaltzea eta euskararen arnasguneak sendotzen segitzeko asmoa dutela azaldu dute. Bizkaiko 19 udalerri dira UEMAko kide, eta horietatik zortzi dira Lea-Artibaikoak: Amoroto, Aulesti, Berriatua, Gizaburuaga, Lekeitio, Markina-Xemein, Munitibar eta Ondarroa.
Zapatuan Labakak nabarmendu zuenez, aurrerantzean izango dute zertan lan egin, eta “arduraz eta ilusioz” ariko direla gaineratu zuen. “Euskararen normalizazioan liderrak izatea dagokigu udalerri euskaldunoi eta euskararen arnasgune garen guztioi” azaldu zuen.
Lehendakariak hizkuntza politika “berezituen” garrantzia azpimarratu zuen, arnasguneak zaindu eta zabaltzeko, eta inguru erdaldunagoetara euskara erakartzeko: “Politika berezitu horiek erabaki aurrerakoi eta ausarten eskutik joan behar dute ezinbestean, eta horretarako oso garrantzitsua da udalerri euskaldunak saretzea”. Zeregin horretan elkarlanaren beharrizana nabarmendu zuen, eta denen lana ezinbestekoa denez elkarlanerako gonbita luzatu zieten erakunde publikoei, alderdiei eta euskalgintzako eragile guztiei.