Ganbe auzoan egin zuten lehenengo batzarra.
Zapatuan, 12:30ean hasita egingo dute bilera Aldaka auzoko Santiago ermitan.
Udalaren eta herritarren arteko harremanak indartzeko, Munitibarko udalak auzotarrekin batzarrak egiteari ekin zion irailaren 26an. Hain zuzen ere, parte hartzea bultzatzeko asmoz, zapatuetan egiten dituzte batzarrak.
Aurreko asteburuetan, Ganbe, Gerrikaitz, Totorika eta Gerrika auzoetako bizilagunekin elkartu ziren udal ordezkariak.
Hala, azken bi batzarrak herrigunean egingo dituzte hilaren 17an. Nahi duten herritar guztiei luzatu diete gonbita, eta udaletxeko aretoan bilduko dira, 12:30etatik aurrera. Bestalde, arratsaldean Berreño auzoko bizilagunekin elkartuko dira leku berean, 17:30etatik aurrera.
Parte hartzera animatzen
Orain arteko bilerek eman dutenarekin “pozik” daude udaleko ordezkariak: “Erantzuna ona izaten ari da, aurreko asteburuan esaterako, ia baserri guztietatik bizilagun bana agertu zen”. Azaldu dutenez, auzotarrek haien arazoak eta kezkak jakinarazi dizkiete, eta guztietan kezka nagusia bideen egoera dela esan dute.
Udal ordezkariek zehaztu dutenez, legealdian udalak nola funtzionatuko duen azaltzen dabiltza, «udala ahalik eta hubilekoena egiteko».
Asmo horrekin batzorde ezberdinak antolatu dituzte: «Batzorde bakoitzean zinegotzi bat dago eta haren ardura da batzordea koordinatzea eta dinamizatzea». Batzordeetan, nahi duten herritarrek edota elkarteek parte hartu ahalko dutela jakitera eman dute. «Arlo bakoitzari dagokion urteko aurrekontua zelan erabili edo zelan banatu erabakiko da batzordeetan».
Batzar horietan, ordezkariek euren burua aurkezten ari dira. Hau da, zinegotziak zeintzuk diren azaldu, udalak horien arduren banaketa zelan egin duen, eta bizilagunak arlo desberdinetako batzordeetan parte hartzera animatu dituzte.