Ibilgailu batzuek Oiz mendiko gailurrera arte doan pistaren erabilera desegokia egiten dutela ohartarazi du Markina-Xemeingo Ekozain ekologia taldeak. “Pista egin zenetik, era guztietako ibilgailuak ibiltzen dira gora eta behera: motorrak, kotxeak, quad-ak… eta pista edonola erabiltzeaz gain, bertatik irten eta ingurunea inbaditzen dute”, azaldu dute.
Oiz mendiko pista inguruak. Argazkia: Ekozain
Ekologia taldearen ustez, gune edo eremu hori landa ingurunea da, eta hortaz, ustiapen tradizionalari lotuta dago eta baserriek, mendiek, basoek, belardiek eta sastrakadiek garrantzi handia dute. Baina, pista berriak mundu guztiaren sarbidea eta erabilera desegokia ahalbidetu dituela diote eta pistaren eginkizuna haize-erroten funtzionamendu egokia mantentzeko teknikariei sarbidea erraztea dela.
Ibilgailuen igarotzeak paisaiaren kalitatearen jeitsiera, ikus eremuan eragin kaltegarriak, lurraren kutsadura, eta kutsasura atmosferikoa eta akustikoa sortzen dituela azpimarratzen du Ekozainek.
“Mugagabeko igarotze honek presio kaltegarria eragiten du ingurunean. Gurpilekin lorratz handiak usten dira eta motorren zaratak inguruko lasaitasuna eta baretasuna puskatzen du. Kutsaduraz gain, izkinetan, batzen ez diren material eta zaborrak ikus daitezke”.
Hori guztia dela eta, Carlos Uriagereka Bizkaiko Foru Aldundiko Baso Zerbitzuko buruari arazo horiek kontuan hartzea eskatu diote, horretarako beharrezkoak diren kontrol neurriak hartuz. “Mendi gailurrera baimendutako ibilgailuak hel daitezen bakarrik”.