Domekan [azaroak 15] jokatutako Nafarroako irekian emaitza oso txarra lortu zuen Ager Solabarrieta tiratzaile olinpikoak. Laugarren postuan amaitu zuen, eta hartara, ezin izan dio iaz lortutako txapelari eutsi.
Bere esanetan, urteko “tiroketarik txarrena” egin zuen Berriozarren (Nafarroa). 60 tiro zutikako kategorian ohiko batazbestekoaren nabarmen azpitik ibili zen; guztira, 540 puntu lortu zituen.”Emaitza oso txarra lortu nuen, inoizkorik txarrena. Oso urduri egon nintzen, eta ez nuela asmatzen ikusita, oraindik ere urduriago jarri nintzen”.
Ager Solabarrieta, Nafarroako irekian parte hartzen. Argazkia: Maite Badiola
Aurreko egunean egindako entrenamentuetan emaitza onak egin zituela dio ondarrutarrak. “Egunean bertan, ordea, ez dakit zer gertatu zitzaidan. Urduritasunak blokatu egin ninduen, eta urte osoan gertatu modua, huts asko egin nituen. Espero datorren hilean Espainiako txapelketan maila hobea erakustea”.
Uzteko zorian
Emaitzak hain eskasak zirela ikusita, txapelketa bertan uzteko zorian ere egon zela nabarmendu du Solabarrietak. “Sekula ez modura, txapelketa bertan behera uzteko zorian ere egon nintzen, baina nire entrenatzaileak gerta zer gerta, beti bota egin behar dela esan ohi dit; bestelakoan aurkariekiko errespetu falta modukoa omen da. Kostata bada ere, amaitzeko erabakia hartu nuen”.
Horrelako zerbait pasatzen zaion lehen aldia dela iragarri du Solabarrietak. “Eskas eta txarto bota izan dut askotan, baina lagatzeko moduan ez naiz sekula egon. Nire emaztearen, entrenatzailearen eta beste aurkarien animoei esker aurrera egitea lortu nuen”.