Natxi Aranburu: "Ahalik eta min handiena egin"
Frantzian berriki gertatutako sarraskiak direla-eta sortutako erreakzioak eta hartutako erabaki eta neurrien aurrean deigarria egiten da erabiltzen ari den pedagogiaren tajuketa. «Ahalik eta min handiena» egiteko moduak eta tresnak erabiliko zituztela zioen Hollande frantziar estatuko buruak. «Begia begiaren truk» eta latinezko esaera ere hortxe: Si vis pacem, para bellum.
Atentzioa eman zidan, kontu batek guzti honen harira, alegia, nola azaldu etxeko txikienei edo eskola-umeei (frantses eta europar umeei, bereziki) guzti hau, isiltzearena ez baita inola ere umeen heziketan lagungarria. Ados! Umeekiko hezkuntzaren zereginean azalpenak ematea da zuzenena eta lagundu egin behar zaie edo hobeto hobeto esanda tresnak edota bitartekoak eskaini gai izan daitezan pertsonen mundua eta ingurua interpretatu ahal izateko eta tajuz interpretatzeko; txikiak izanik, handitzen eta handitzen doazen neurriak. Baina azaltze zeregin honetan zailtasun ikaragarriak eta interesatuak daudela ematen du. Eman dezagun: sarraskiak arbuiagarriak dira eta hola esan beharko da, baina berriro gerta ez daitezan minik handiena sortaraztea ote da bidea? Edo bakea lortze aldera, gero eta armamentu gehiago erabiltzea ote da egokiena pertsonen artean arteko liskarrak konponketara begira ipintzeko? Nola ulertu behar du eskola-mutil/neska koxkor batek irakasleak gela barrruan, adibidez, istilu bat sortzen denean gelakideak biribilean aurrez aurre jarri eta berba eginaz, batekoen eta bestekoen arrazoiak ulertuz, bata bestearen azalean jarriz konpondu behar direla desadostasunak eta aldiz handi-mandiek, munduko agintariek, egurra bortizki emanez ahalegintzen direla euren arteko liskarrak konpontzen? Ez dezagun ahaztu, bestalde, agintari horiek direla eskoletarako lege, bitarteko, araubide, zenbat prozedura mota eta abar jartzearen arduradun nagusiak. Nola azaldu etxeko txikiei, «burubako terrrrr…orista» (r-ak oso garrantzia handikoak dira: zenbat eta gogorragoak izan orduan eta terroristagoak baitira) hauek armatzeak dirutza eta irabazpide milionarioak ekarri dizkietela, hain zuzen ere orain kexaka ari direnei; areago oraindik, armak hiltzeko tresnak izanik mundu zibilizatuak, jar dezagun Europa, Estatu Batuak…) ekoizten dituela ehuneko handi-handi batetan, horrela armen industria gero indartsuagoa bihurtzen delarik.
Atentzioa ematen du.
Kirolaz mintzatzen ari garenean umeei, balioak (ondo pasatzea, parte hartzea, lagunekiko errespetua…) azpimarratzen dizkiegu, baina mundu errealean, irabaztea, aberaste pertsonala, arrakasta, ondo bizitzea… dira egunero ikusten ditugunak. Eguneroko balioak!
Atentzioa ematen du.
Emakumeen aurkako indarkeriaren eguna «ospatu» dugularik, eskoletan ikasleei aparteko azalpenak eman dizkiete irakakasleek hori gainditze aldera, baina helduon munduan emakumeei soldata baxuagoak ordaintzen jarraituko dute munduko agintariek; arma fabriketan ere!
Atentzioa ematen du.
Meditarraneoa zeharkatu guran ahalegindu diren milaka eta milaka pertsona, hark irentsi egin ditu; baina mundu zibilizatuko agintariek ez dute egunotan ateratzen diren zalapartarik atera.
Atentzioa ematen du.