Egun seinalatua izaten da askorentzat San Tomas Eguna. Lekeition eta Mutrikun azokak izaten dira nagusi, eta Ondarroara ere baserri giroa ailegatu da azken urteetan, lehengo ohitura berreskuratuz. Goiko plaza eta inguruetan zabaldu zen jaia, zapatuan, Mutrikun, eta Alde Zaharra izan zen, bestalde, Ondarroan, taloa txistorragaz jateko geralekua. Independentzia plazako postuetan bertoko produktuak erosi eta animaliak ikusteko aukera eduki dute gaur goizean Lekeitiora hurreratu direnek.
Taloak egiten Ondarroako santomasetan.
Guztira, 40 ekoizleren eskaintza oparoa eduki duten aukeran, Lekeition, euretatik 21 Lea-Artibaikoa. Horrez gain, eskualdeko abereen erakustaldia ere egon da. Txerri, hegazti, zaldi, ardi, ahuntz, asto eta behiak plazaratu dituzte eskualdeko abeltzainek. Idi parea ere lotuta egon da pilara azpian.
Lekeitioko San Tomas azokako postua.
10:00etan zabaldu ditu ateak azokak eta goizetik ibili dira batera eta bestera ikusle eta erosleak. Arraina, gazta, ogia eta gozoa, txakolina, eztia, txerrikiak eta artisauen lana aurkitu ahal izan dituzte Independentzia plazako postuetan, besteak beste.
Mutrikuko baserritarrak pozik salmentekin
Zapatuan izandako erantzun onagaz pozik agertu dira, oro har Mutrikuko azokan egon ziren baserritarrak, bai eta udala ere. Izan ere, eguraldia lagun, jende asko ibili zen batera eta bestera posturik postu.
Mutrikuko San Tomas azokako postu bat.
Eguerdian batu zen jendetza gehien, eta postuak jaso arte, Goiko Plaza jendez gainezka egon zen, giro ederrean. Santo Tomas eguneko ekimenek, Gaztetxean jarraitu zuten gauean. Mutrikuko Rock Kolektiboak antolatuta, herriko hainbat taldek MRK gaua ospatu zuten.
Jaiak, Ziortza-Bolibarren
San Tomasak jai giroan murgilduta eduki ditu ziortza-bolibartarrak ere. Baserritarren kalejiragaz hasi zituzten jaiak, zapatuan, eta talo janagaz amaituko dituzte. Erromeria, jolasak, txokolate jana, herri kirolak eta herri afaria eduki dituzte adin guztietako herritarren gozamenerako.