Eskaini eta onartu egin du Ispasterrek: ekainean herri galdeketa egingo du herrian bertan. Loteslea ez dela izango jakin badakiten arren, ez diote horregatik garrantziarik kendu nahi. Herri galdeketa Euskal Herri mailan egitea litzateke Gure Esku Dagoren nahia, baina horra iritsi aurretik ere badago zer egin; badago zer aldarrikatu; badago nola erabaki.
Galdeketa noiz eta zein tokitan egingo duten oraindik zehazteke dute, baita galdera bera zein izango den ere. Hala ere, independentziari buruzko eztabaida gertutik jarraituko duten zalantza askorik ez dago.
Sentsibilitate guztiak ordezkatuta dituen Lea-Artibaiko herri txikia da Ispaster, eta egingarri ikusten zuten herri galdeketa bertan egitea; horregatik proposatu zieten bertakoei. “Guk batzorde moduan hausnartu genuen, eta ondoren, herri mailan zabaldu genuen. Prestutasuna erakutsi zuen herriak, eta eskainitakoa onartzea erabaki genuen”, azaldu dute Jesus Lekerikabeaskoa eta Izaskun Juaristi Ispasterko Gure Esku Dagoren batzordeko kideek.
Ispasterko Gure Esku Dago herri dinamikak ateratako argazkia.
Erantzuna nahikoa azkarra izan zela azaldu dute, herrian egitea “posible” ikusten zutelako. 2014an, esaterako, Durango eta Iruñea artean egin zen giza katera 700 bat biztanle dituen herri horretatik 150 bat lagun joan zirela nabarmendu dute. Herri mailan egindako giza katean ere jendeak “oso ondo” erantzun zuen.
Ispasterko erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikak Arrankudiagako eta Etxebarriko esperientziak ditu adibidetzat; sinadura kopuru jakin bat biltzea izango da egingo duten lehenengo pausoetariko bat
150 lagun horiek mugitzea posible ikusten du batzordeak, “baina gainontzekoengan ere pentsatu behar da, eta hor datza benetako erronkak: lagin hori mugitzean”.
Prozesuaren hasieran dago Ispaster, eta oraindik “asko” geratzen zaio egiteko. Besteak beste, Arrankudiagako eta Etxarriko esperientziak ditu adibidetzat erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikak, eta, aurrekariak kontuan hartuta, protokolo bat osatu du, hurrengo herriek eman beharreko pausoak zehaztuz. Orain, beraz, pauso horiek jarraitzea besterik ez zaio geratzen Lea-Artibaiko herriari.
Sinadura kopuru jakin bat bildu beharko du, esaterako. Halaber, lokala zein izango den zehaztu beharko du, galdera eta eguna zeintzuk izango diren erabaki, mahaikideak aukeratzeko prozesua jarraitu…
Batzorde sustatzailea
Egin beharrekoetan lehenengoetarikoa herri galdeketari begirako batzorde sustatzaile bat sortzea zen, eta hori dagoeneko bete dute. Sei kidez osatuta dago, eta horiek dira galdeketaren prozesua aurrera eramateko sokari tira egiten diotenak. Estatutuak sortzeko beharra ere berak edukiko du.
Prozesu horretan, gauzak “ondo” eta “hanka sartzerik barik” egin nahi ditu Ispasterrek, eta, horregatik, Gure Esku Dagoren talde juridikoagaz bilduko da, “zalantza guztiak argitzeko, lasai ibiltzeko eta babes bat lortzeko”.
Oraindik zehazteke daukate galdeketa eguna, bai eta galdera bera er; bideari eta parte hartzeari emango diote garrantzia, ez hainbeste emaitzari
Talde eta batzorde bakoitzak bere eginbeharrak dituela azaldu dute Juaristik eta Lekerikabeaskoak. Ispasterko Gure Esku Dagoren batzordea, esate baterako, herri mailako hartu-emanez arduratuko da. Alegia, herria mugitzen, zarata ateratzen, jendearen parte hartzea sustatzen eta bizilagunen motibazioa bilatzen gastatuko ditu indarrak.
Izan ere, ekaineko hitzordua garrantzitsua izango da batzordearentzat. “Ez dakit Ispasterrentzat zer suposatuko duen herri galdeketa berton egiteak, baina niretzat, behintzat, erabakitzeko eskubidearen aldarrikapenaren amaiera izango da, azken pausoa”, dio Juaristik. “Herriak erabaki egingo du, eta parte hartzeko aukera edukiko du. Borroka honetan goreneko puntura iritsiko gara. Eskatzen gaudena bete egingo da”. Lekerikabeaskoak, berriz, ariketa bezala ikusten du, azterketa –Euskal Herri mailako galdeketa– aurreko ariketa demokratiko moduan. “Beste hainbat herritan egin duten legez, gu ere aurreratu egingo gara”.
Galdeketa “naturaltasunez” gauzatzea izango dute helburu Ispasterkoek. “Orain arte herritarrek izan dute hauteskundeetan botoa emateko aukera, baina ez dute horrelako erabakitzeko eskubiderik izan; beraz, aldarrikatzen gaudenaren bidean, beste pauso bat izango da”.
Dinamikaren helburua erabakitzeko eskubidea normalizatzea dela diote kideek, “galdeketan zer galdetuko den gero etorriko da”
Bideari eta herritarren parte hartzeari emango dio garrantzia batzordeak, “ez hainbeste emaitzari”. Kataluniako bikote bategaz egoteko aukera eduki zuten, eta haiek ziotenez, “lorpena jendea hautetsontzietara eramatea da”. Herrian hauteskundeetan egoten den parte hartzea lortzea espero du, behintzat, Lekerikabeaskoak; hain zuzen, %70etik gorakoa. “Askoz gutxiago balitz, nik neuk desilusioa hartuko nuke”.
Nola bizi erabakiz
Batzordearen ustez, norberak nola bizi nahi duen erabakitzeko aukera egongo da Ispasterren, Diman eta Goierriko 22 herrietan. Eta aurrera begira, aukera hori gainontzeko herri guztietan egotea ere desio du Gure Esku Dago dinamikak. Hain justu, erabakitzeko eskubide hori normalizatzea da dinamikak helburu duena; “zer galdetuko den gero etorriko da“.
Pausoz pauso, eta ekainera arteko epean, osasun demokratikorako bidean jarraituko du Gure Esku Dagok, jendearen inplikazioa bilatuz. Erantzukizuna baino, “erronka bat” delakoan. Eta, betiere, naturaltasunez hartuaz, erabakitzeko eskubide horren aldarrirantz.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.