Ondarroako Udal ordezkariek jakitera eman dutenez, gaur [otsailak 1] goizean usain txarra botatzen zuen bidoi bat agertu da Ondarroako San Ignazio kaleko zakarrontzien parean.
Bidoia batzera joan diren udal langileek barruan zegoen substantzia ezagutzen ez zutenez, berau bildu egin dute, eta ostean, Fomento Construccion y Contratas enpresak aztertuko duela jakitera eman dute. “Hauek arduratuko dira aipatutako bidoia jaso eta barruan dagoena aztertzeaz”. Lan horiei dagokionez, udalak 600 euroko kostua ordaindu beharko du.
San Ignazio kalean agertu den bidoia. Argazkia: Ondarroako Udala
Gaurko gertakariaren ostean, udalak horrelako “arduragabekeriak behar den moduan bideratzeko eskaria” egin nahi izan die herritarrei. “Ez dakigu nork utzi duen bidoi hori agertu den lekuan, baina hondakinak behar den lekura bideratu behar ditugula gogorarazi nahi diegu herritarrei, horrela gertatzen ez bada, ondorioak herritar guztiei eragiten digutelako’ adierazi du Zunbeltz Bedialauneta Ingurumen zinegotziak. Udalak bidoia ahalik eta azkarren erretiratzeko ahalegin guztiak egiten ari da, bizilagunei kalterik txikiena eragiteko asmoz.