Danel Lauzirika: 'Arauen kontra'
Egunotako giro hotza berotzen lagundu dit Jon Alonsoren Hiri hondakin solidoak nobela beltzak. Laburbiltzeko (ezer kontatu/hondatu barik, noski): Enekoitz Ramirez Lanbas ezohiko ikertzaileak euskaltzain baten hilketa ikertu behar du. Gertaera hori aitzakiatzat hartuta, errealitate garaikidearen alde ilunak kontatzen dizkigu eleberriak, kasu honetan elkarrekin harreman zuzena duten Euskaltzaindia eta unibertsitatearenak hain zuzen ere. Alonsok, bata zein bestea gizartetik zein urrun dauden nabarmentzen du ironia fin eta idazkera zorrotzaren bidez.
Idazlea, ordea, ez da kritika arin/errazean erori. Euskaltzainak gizatiarrak ere izan daitezkeela iradokitzen du, mundu horretan txantxullismoa eta ustelkeria egon badaudela erakusten.
Lanbasek ez bezala, ezin dezakegu ahantz hizkuntza akademiek eta unibertsitateek harreman zuzena dutela, gurean euskaltzain gehienak unibertsitate irakasleak direla. Eta unibertsitatean dirua eta ospea lortzeko bide ugari dago: bekak, diru laguntzak, lan kontratuak, argitalpenak, kongresuak… Zientziaren txoko bateko txokotxoan errege izateko aukera edota beste botere-esparru batzuk urratzeko bidezidorra izan daiteke unibertsitatea. Alde horretatik, ibili gabeko bideak zapaltzen dituen heinean, oso interesgarria iruditu zait liburua.
Horrez gain, Euskaltzaindiaren lanaren eta euskal hiztunen beharrizan errealen arteko harremana lantzen du Alonsok. Gogoetarako bide ematen dute «gramatikaren kontura bizi den egitura bat sortu dela» eta «hiztun arrunt eta soilaren praktika orokor baina subjetibotik inferitutako arauak lege matematikoak balira bezala aplikatzen zizkiotela» bezalako esaldiek.
Eleberri bat den heinean, ezin zaio ezer leporatu idazle iruindarrari, baina horrelako iritzien jasak on baino kalte gehiago egiten digutelakoan nago.
Euskaltzaindia aspaldi bihurtu zen Bazkaltzaindia euskaldun askoren begietara. Euskararen Akademiak kritikak ez ezik, ezinikusiak ere bildu ditu bere inguruan. Euskaldun oso zein erdi, gazte zein zahar, estudiante zein tunante, guztiek dute zer esana Akademiaren lanaren inguruan: antzua, bazterrak nahasten dituena, euskaldunon bizitza konplikatzea helburu bakar duena gehien-gehienetan. Euskaldun orok filologo bat daramagu gure baitan, eta horrek, zeharo zailtzen du oraindik 50 urte bete ez dituen hainbat euskalki eta azpieuskalkiren alaba klonatuaren bizitza, zorioneko Batuarena. Nagusi askoren astoa, goseak hil.
Dinosauroen hilerritzat dugu Akademia, momien kripta Plaza Berriko egoitza. Euskaltzainen adinak, traje beltzek, manera finek, hitz egiteko modu jasoak, seminarista izaerak ez dirudi mundu honetakoa. Zaharkituta daude: beraz, fuera!!! Gainera, «urtero aldatzen dituzte arauak, haize-bafadek gidatzen dute akademia, ez dute inongo irizpiderik jarraitzen, santujale puristak dira». Beraz: popatik haien araudiak eta komeriak. Sinplismoa dugu maite; zuria ala beltza, beltzuria beharrean.
Euskaltzaindia geure-geurea izatea da arazoetako bat. Berez ez ditugu arau eta legeak maite, eta are gutxiago etxeko batek ezartzen dizkigunean. Men ez egitearren edozein kritika arinen olatuak irents gaitzake, nahiz eta ondotxo jakin edozein hizkuntza bizik bi parametro dituela: ahozkoa eta idatzizkoa. Kontu bat da batuaren eraginaren aurrean euskalkia babestu nahi izatea, eta beste bat, arras kezkagarriagoa, «gure ahotsak ya ez dekie horrenbeste indder» bezalakoak irakurtzea prentsa idatzian. Edo normal-normaltzat hartuko genuke «Rajoy a llegau tarde y se a sentau alau de Rubalcaba» bezalakoak irakurtzea erdal egunkarietan? Denak balio badu, amildegia ez dugu urrun.