Biomimetikari buruzko jardunaldia antolatu dute Leartikerrek eta Azaro Fundazioak
Leartiker eta Azaro Fundazioak antolatuta Biomimetikaren inguruko jardunaldi bat egongo da eguenean [martxoak 3], 09:00etan, Markina-Xemeingo Lea-Artibai Berrikuntza Guneko auditoriumean. Jardunaldia Leartikerrek aldiro antolatzen dituen, eta berrikuntza, ekintzailetza eta teknologia berrien aldeko apustua egiten duten enpresa eta erakundeetako ordazkariek parte hartu ohi duten, Gosari Teknologikoen barruan kokatzen da. Biomimetikaren gaia jorratuko den egueneko jardunaldi-teknikoaren antolaketan, Azaro Fundazioak ere parte hartu du, Blue Lab estrategiaren baitan, Biomimetika, Ekonomia Urdina oinarritzen den zientzietako bat delako.
“Naturak garatu dituen irtenbide eta estrategietan inspiratu eta ingenieritza, arkitektura eta diseinua bezalako disziplina teknologikoen aplikazioan oinarritzen da Biomimetika. Milioka urtetako bilakaeran bere biziraupenerako estrategia eraginkor eta efizienteak garatu dituen sistema konplexu bat da natura. Zentzu honetan, Biomimetikaren zientziak, natura ikertzen du, inspirazio gisa. Naturan identifikatutako mekanismoak imitatzen saiatzen da, hauek, ingeniaritza eta teknologian aplikatuz, jasangarritasuna bere ardatzetako bat izanik”, azaldu dute antolatzaileek.
Horrelako galderei erantzuna emateko, Biomimetikan aditua den Innobide-ko Sergio Gonzalez izango da jardunaldiko hizlaria. “Hasieran metodologia berritzaile honen informazio, aukera eta kasu praktikoen inguruan arituko da Gonzalez, eta jardunaldiaren bigarren zatian, Biomimetika oinarritzat hartuz publikoarekin talde dinamika bat burutuko du”, zehaztu dute.
Metodologia berritzaile honen jatorria EEBBetan eta Alemanian kokatzen bada ere, gaur egun geroz eta gehiago dira Biomimetikak I+G+i proiektuen lehiakortasuna eta kudeaketarako metodoak hobetzeko ematen dituen aukerak kontutan hartzen dituzten profesional eta erakundeak.
Leartiker eta Azaro Fundazioak metodologia berritzaileak eskualdera hurbiltzeko antolatu duen ekitaldirako gonbitea luzatu diete Biomimetikan interesatuta egon daitezkeen enpresa zein banakoei. Interesatuek www.leartiker.com edo www.azarofundazioa.com webguneetan edo 94 616 91 72 telefono zenbakira deituta eman dezakete izena.