Ondarroako udal ordezkariak Kamiñaldeko auzotarrekin batu dira, lur jausiaren berri emateko
Ondarroako udal ordezkariek, gaur [martxoak 4], 19:00etan, Kamiñaldeko lur jausiek eragindako arazoen berri eman dute Kalare Deuna kofradian egin den bileran.
Azken egunotan izandako euriteekin Kamiñalde kaleko hormako harriak erori egin dira. Zehatz esanda, San Ignazio kaleko atzeko parteko menditik hainbat harri erori ziren eguztenean [martxoak 2] errepidera. Ondorioz, kalea oinezkoentzat zein ibilgailuentzat itxi egin behar izan dute, behin-behinean.
Atzo [martxoak 3] eta gaur goizean, udaleko teknikariak, udal ordezkariak eta geologoak izan dira gunea aztertzen, eta nahiz eta oraindik ikerketa sakonago bat egin behar den, denbora batez kalea itxita mantentzea erabaki du udalak. “Gure asmoa autoentzako errai bat zabalik mantentzea zen, baina ikerketa sakonago bat egin arte, teknikariek itxita mantentzeko aholkua eman digute”, azaldu du, Zunbeltz Bedialauneta jarduneko alkateak.
Hain zuzen ere, auzotarrekin egongo den bileran emango da egoeraren berri zehatzago. “Koponbide moduan igogailua 24 orduz zabalik mantenduko dugu eta larrialdietarako zerbitzuei pasabidea erraztuko zaie, baina beste auto guztiak kanpora atera beharko ditugu”, gaineratu du Bedialaunetak.
Hala, autoak noiz eta nola kanporatu adosteko gaur auzotarren iritzia jaso nahi du udalak. “Autoak kaletik ateratzeko neurriak auzotarrekin adostu nahi ditugu, beraiek dira zuzenean ondorioak pairatuko dituztenak, eta beraien iritzia oso garrantzitsua da guretzat”.