Gorka Etxebarrieta: 'Aitaren egutuna'
264 egun dira «Aita» izendatu nindutela. Harrezkero, zu laztantzen, janzten, barre eragiten, paseatu edo sehaskatzen emandako denborak, nirean nituen kezka ezberdinen energia disipatu eta beharrezko nuen heldutasun puntua lortzen lagundu du. Zuri esker, eta zure eredu bihurtzeko nahiaz, zorionaren metafora borobildu dudalarik.
Aurrean duzun mundua ezertarako ez da zure neurrira eraikitako igerileku klimatizatua. Non berotasun puntua gorputza gustura sentitzen den tenperaturara egokitzen da; sakontasuna erabiltzaile ezberdinen arabera diseinatzen dute; denon nahiak asetzeko asmoz jolas eta kirol eremuak argi ezberdindu eta gehienetan errespetatzen dituzte; igeriketa teknika hobetzeko irakasleen aholkuak jasotzeko aukera dago; 25 metroko arnasa errekuperatzen laguntzen duen euskarria aurkitzen duzu; edozein ezbehar saihesteko sorosleen presentzia bermatzen dute; eta makinariak funtzionatzen jarrai dezan, gauez matxurak konpondu, argiak itzali eta eguzki printzak agertu bezain pronto ateak berriz ere zabaltzen dira.
Laburbilduz, eragozpenak saihesteko asegurua igeriketan hasi aurretik kontratatzen dizute, zure kezka bakarra, eskura jarritako On-Off bizi etengailu mugatua nahi duzunean aktibatzea delarik.
Bizitza, askoren zorigaitzerako baina zorionez laztana, itsaso zabala da. Aukera, arrisku eta gorabehera ugariz osaturiko eremua. Non nahita ez, gorputza, urak urtaro bakoitzean erakusten duen graduetara egokitzen hezi beharra dago; haize eta marea ezberdinek sorrarazitako ekaitz zein barealdi itsasoen funtzionamendua ulertuz hauek saihesten edo aprobetxatzen ikasten dugu; iparrerantz doan bidea aurkitzeko askotan mende zein ekialdera bota behar izaten duzu; nekez eta akats askoren ondoren lortutako helmuga puntuetan sentitzen den zirrara eta gozamen puntua deskribaezina da; adorea, konfiantza edo jakingura izanda eta nola ez, entzumena zein arreta landuz, inguruan diren arrisku eta aukerak aurreikusten ikasten da. Esaldi batean esanda, igeriketa norabide egokiena aurkitzeko zoria izatea, aipatutako ezaugarriez osaturiko iparrorratza eratzean dago. Zure konpromiso bakarra, On-Off bizi etengailu librea zu zeuk, zure ideien garapenaren bitartez, sortutakoa izan behar duelarik.
Nahi eta nahi ez, zoriontsua izateko, menpekotasunetik independentziara doan bidea ibili beharko duzu. Eta zure bidai lagun gisa, hor izango nauzu. Atzo, gaur eta bihar, zure presentzia eta aurrerapenez gozatu eta zure aita naizela egunero ospatzen.