Nirvanaren abesti famatuari izena eman omen zion Teen Spirit desodoranteak. Lurrin gozoa usain zantarra estaltzeko.
Telebistan atzo bai, gaur bai, bihar baita ere gorbata, gomina, traje eta guzti, kiratsa dariela datoz polizia artean, epaitegietara sartzen, kontzientzia oso lasai dutela esanaz prentsaren aurrean. Ustelkeriak basatza bihurtu du politikaren zelaia. Kontratu publiko, komisio, azpiegitura alfer, bankuek edo eraikitzaileek ordaindutako Louis Vuittonen poltsak, helikoptero bidaiak, Jaguar autoak…
Hau al da ustelkeria? Bai eta ez. Epaitegietan edo polizi autoetan sartzen ikusten ditugunek kopuru erlatiboki txikiak patrikaratu dituzte. Estetika eta kultura demokratikoarentzat oso kaltegarriak dira, baina diru/interes publikoari kalte handiagoa beste gauza batzuk egiten diete. Komisio, kontratu eta opari garestiak – delitu izanda ere – txiki uzten duen zerbait da gizartea gehien arduratu behar duena ustelkeriaz ari bagara.
Argitu dezagun hau, eta horretarako zenbait galderaren erantzuna zuk eman. Modu honetan ikusiko dugu gizartearen mesedetan hartu beharreko erabakiak gutxi batzuen mesedetan hartzen direla, eta erabaki horiek milaka milioiko kostua dutela, hamarka urtean ordaindu beharrekoa; zoritxarrez nekez izango dira erabakiok ilegalak, ilegalak direnak baino askoz min gehiago egin arren. Hona ba galderak:
- Zergatik aukeratzen dituzte energia enpresek (Petronor, Iberdrola, Enagas, Repsol…) eraikuntza enpresek eta komunikabide handiek politikariak administrazio kontseiluetarako?
- Zergatik finantza erakundeek tratatzen dituzte alderdi jakin batzuk hain ondo kredituak erraz emanaz eta gero barkatuz?
- Zergatik dira komunikabide masibo pribatuak hain gozoak eta amultsuak politikari, megaproiektu eta lege aldaketa jakin batzuekin?
Erantzunek esango digute zergatik egiten diren gehiegi pentsatu gabeko obrak, zergatik zigortzen diren energia berriztagarriak, zergatik fiskalki saritzen enpresa oso handiak, zergatik diren bankuak erreskatatzen direnak eta ez gizartea.
Ustelkeria ez da beti delitu. Agian ustelkeriarik txarrena ilegala ez dena da.
Ustel usaina dario. Teen Spirit erosi erruz.