Gaur bertan, maiatzak 6, 661 urte betetzen dira Don Tello kondeak Markinako hiribildua sortzeko pribilegioa eman zuenetik.
Markinako merindadeko bizilagunek horrela eskatuta sortu zuten Villaviciosa de Marquina Aspiltzako orubean, Gipuzkoako familia aberatsen erasoengandik eta lapurrengandik babesteko. Bermeon sinatu zuen sorrerako pribilegioa Don Tello kondeak, Bizkaiko jaunak, 1355 urtean. Don Telloren argizari zigilua zeraman Larruzko pergaminoak, baina ez dago udal artxiboan. Ezagutzen ez diren arrazoiengatik, Markinaren sorrerako hiri gutuna Madrilgo (Espainia) Artxibo Historiko Nazionalean dago. Juan Jose de Mugartegi hiribilduko alkate izan zenak aurkitu zuen bertan.
Juan Jose de Mugartegik lan handia egin zuen herriko artxiboa ordenan jarri eta zaintzen. Herri eta hiri askotako artxiboen egoeraren jakitun, Markinako funtsa babesteko neurriak hartu zituen Mugartegik.
Artxibo bat osatzeko ikasketarik ez zuen, eta, beraz, bere irizpidearen arabera egin zuen lana. Dokumentazioa multzo handitan banatu zuen, gaika. Gainera, koadernatu egin zituen erregistroak, funtsaren biziraupena bermatzeko.
Horrek lan guztiak egiten zebilela konturatu zen hiribilduaren sorrerako pribilegioa falta zela, eta zelan ez, hori guztia idatzita utzi zuen.
Madrilgo artxiboa.
Dokumentuaren bila. 1918 urtean herriko artxiboaren azaleko ikerketa bat egin zuenetik, Don Tellok emandako pribilegioa gordeta ote zegoen eta non zegoen jakiteko ardura sortu zitzaiola kontatzen du bere idatzian Mugartegik. XIX. mende aurreko inbentarioetan aitatzen zen dokumentua. Beraz, hiribildutik atera zutela ez zen horrenbeste denbora izango.
Larruzko pergamino batean idatzita zegoela esaten zen, eta hari batzuetan zintzilik, argizarizko zigilua zuela.
Dokumentua, Artxibo Historiko-Nazionalean zegoen, 11.547 zenbakidun orri-sortan. Baztertutako kontsejuen paperen artean zegoen proba bat modura
Dokumentua aurkitu nahian, artxiboa berriro ere miatu zuen, baina pena handiagaz, pergaminoa Markinako artxiboan ez zegoela egiaztatu zuen. Horrela, beste artxibo batera joan zela eta betirako galdu zitekeela susmatu zuen Mugartegik, eta Valladolideko (Espainia) Kantzelergo zaharrean kudeaketa batzuk egiten hasi zen Bizkaiko gelako dokumentazioaren tartean zegoen jakiteko. Izan ere, hainbat liskar tarteko, behin baino gehiagotan bidali zuten hara. Baina emaitza ezezkoa izan zen.
Horrela, Madrilen zentralizatu zituzten artxiboen artean egon zitekeela pentsatu zuen, eta bere lagun Don Julian Garciak ikerketa historikorako zeukan zaletasunaz baliatuz, harengana jo zuen laguntza eske.
Denbora gutxira, dokumentua aurkitu zuela aditzera eman zion Burgosko lagunak, atsegin handiz. Dokumentua, Artxibo Historiko-Nazionalean zegoen, 11.547 zenbakidun orri-sortan. Baztertutako kontsejuen paperen artean zegoen proba bat modura.
Markina-Xemeingo artxiboko dokumentuak.
Markinako hiribilduak eskaera bat egin zion kamarako kontsejuari Xemeingo Santa Maria parrokiaren patronatua eta Barinagako San Pedrorena bere pribilegioen artean baieztatzeko, eta eskariagaz batera, hiri gutuna ere bidali egin zuten.
Mugartegiren lagunaren ustez, gaitza edo ia ezinezkoa izango zen pribilegioaren dokumentua berreskuratzea, eta artxiboaren katalogoan Gil Ayuso jaunak argitaratutako argazki kopia bat ageri zela esan zion.
948×856 milimetro dituen dokumentua ondo kontserbatuta zegoela berretsi zuen Mugartegik, nahiz eta zigilua falta zitzaiola eta bere azpiko partean zintzilik egoteko zituen hariak falta zirela ikusi
Kudeaketen arrakasta ikusita, Markinako Udalari idatzi bat bidali zion Mugartegik, berak egindako izapideen berri emanez, eta pribilegioaren gutuna herrira bueltatzeko kudeaketak egitea erregutuz. Hori ezinezkoa balitz, dena dela, tamaina naturaleko fotokopia on batzuk lortzea eskatu zion udalari.
Kopia udaletxean. Azken hori izan zen egin ahal izan zen gauz bakarra. Hala ere, 948×856 milimetro dituen dokumentua ondo kontserbatuta zegoela berretsi zuen Mugartegik, nahiz eta zigilua falta zitzaiola eta bere azpiko partean zintzilik egoteko zituen hariak falta zirela ikusi. «Tello hitza ez da nabarmentzen, idatzita dagoen tinteen koloreek argazki klixea erasotu dutelako», zehaztu zuen.
Markinako Udalak hiri gutunaren tamaina handiko argazki bat oparitu zion Mugartegiri, eta hark edukia alderatu egin zuen aurretik argitaratutako transkripzio batzuekin. Bai Iturrizak bai eta Don Carlos de la Plazak akatsekin kopiatu zutela dio Mugartegik. Beraz, jatorrizkotik ateratakoa ezagutzera eman zuen.
Markinako artxibategian sorrera kartaren lekualdaketa bat gordetzen da. Errege Katolikoen eskribau Luis del Marmolek Zaragozan 1488 urteko otsailaren 12an egin zuen ziurtagiria. Pergaminozko hiru orritan idatzita dago, eta hiru gutunaren ezagutzen den kopia zaharrena da.