Alex Zubia: 'Athletic, berriz ere'
Orain dela urte erdi, Athletic, bere «harrobia» eta gure inguruetako gainontzeko taldeek zein errez hartzen dituzten atzerriko kirolariak aipatzen nuen. Athletici buruz idazten nuen lehen zutabea zela-eta ez nuen luzaroan besterik idazteko asmorik. Baina, ze arraio, futbola hain garrantzitsua bada gizartearen zati handi batentzat, batzuetan gure herriaren etorkizuna baino garrantzitsuago izateraino, zergatik ez diot eskeiniko nik ere tartetxo bat noizbehinka. Gainera, egia esan, Athleticek batzuetan ematen du zertaz hitzegin, batzuetan lotsatik hitzegiteko ere.
Bi berrik naramatzate Athletici buruz idaztera. Biek emakumezkoen Athletic dute iturburu; emakumezkoena izan badena, baina neuretzat dut hori ere Athletic badela.
Lehena, gabarra. Atzo bertan Change.org-n emakumeek liga irabazten badute gabarra ateratzearen aldeko sinadura bilketa da. Ez dut sinatu. Emakumezkoak gabarran joatearen aurkakoa ote naiz? Ez. Iritzi argia dut horretaz, nahiz eta futbolari garrantzi gutxi eman. Athleticen ohitura baldin bada espainiar liga irabaziz gero Athleticeko gabarran heltzea Bilbora, ez dut ulertzen zein den eztabaida. Emakumeak direla? Eta? Gure amak ere eta gabarra eta gehiago merezi dute!
Beste berria komunikabideetan irakurri dut eta William Maxwell Aitken-en esaldia gogorarazi dit: «Dog bits a man is not news, when man bits a dog is news». Komunikabideetan irakurri dut duela egun batzuk Athleticek prentsaurreko bat bertan behera utzi zuela, komunikabide bakar bat ere ez zelako agertu. Berria prentsaurreko eza izan zen, ez prentsaurrekoan esateko zegoena. Athletic, jakina, emakumezkoen Athletic zen.
Joan ez ziren komunikabideak komunikabiderik ez zela joan kontatzen zuten, inolako autokritika egin barik. Agian prentsaurrekoak ez zuen behar besteko garrantzirik inor joateko, baina ez-prentsaurrekoa bazen garrantzitsua.
Bost axola Athletic, liga eta gabarra, baina gabarrak «berdintasun» eta «ikusgarritasun» puntu bat emango zion gizarte «justu» honetan eguneroko «injustiziari».