Bizixo balea Malen jaietan geratzeko gogotsu etorri da. Gaur [uztailak 21] eguerdian uretatik atera da Intzirrixan, eta jai usainaz zipriztindu ditu inguruak. Hurrengo lau egunetan jairik jai dabiltzan herritarrak zaintzen ibiliko da Bizixo Jai Konpartsako kideek prestatu duten balea.
Aurtengo jaietako berritasunik handienetako bat eguerdian eman da ezagutara. Jai konpartsa sortu berriko kideek jaietako ikur ofiziala egin dute, eta berau ezagutzeko hainbat herritar batu dira Intzirrixan. Balearen etorrera iragartzeko antzerki antzerako bat egin dute.
Bizixo balea uretatik ateratzen
Garai batean egiten zuten modura, arraunean tiraka ekarri dute itsaso zabalean arpoiaz jotako balea. Allau gea, allau gea esanaz, Intxirrixan salto egin du ontziko kapitain pilotuak balea harrapatzeko erabili duten arpoia eskuan. “Gau osoa balearekin borrokan aritu eta gero, orain balea hil eta banatu egingo dugu”, esan du kapitainak.
Herritarren artetik herritar bat agertu da, eta balea ezin dute hil esan die. Hainbat herritarrek kantuan balea eurena dela aldarrikatu dute, eta eztabaida amaitzean, ez hiltzea adostu dute.
Balea uretatik atera, eta kuadrilla batek lepoan hartuta herrira eraman dute, jaiak pasatzera. Intxirrixatik Beheko Plazara eraman dute jaietako ikurra, atzetik herritarrak kalejiran zituztela. Balea Beheko Plazan utzi dute herritarren bistara, eta herritarrak gustura hurbildu dira jaietako ikurrarekin batera hainbat argazki ateratzera.
Handik minutu gutxira, jaietako lipdub grabaketa ere egin dute, jaietarako propio egin duten Ai Malen Andre Madalen kantua soinu banda modura hartuta.
Xiri gunea konpontzen ibili direnak jaien hasierako txapligua botatzen
Azkenik, 13:00ak bueltan, jaiei hasiera ofiziala eman dien txapligua bota dute Beheko Plazatik. Txapligua botatzeko ohorea izan dutenak Bizixo Jai Konpartsaren aurtengo omenduak izan dira. Alde batetik, herriko kale garbitzaileak omendu nahi izan dituzte, eta horiez gain, Xiri gunea auzolanean konpontzen eta atontzen aritu direnek ere aipamen berezia jaso dute, “herrian egiten dute lanagatik”. Omenduek gainera, Herritxarron Malen Jaixen mahonezko zapia jaso dute oroigarri.
Marea urdina
Gaur, gainera, gazteak izan dira jaietako protagonista nagusiak, Gazte Egunean. Hainbat kuadrillek kamiseta urdinekin soinean irten dute kalera.
Goizean, topaketa egin dute Gaztetxean, eta eguerdian panderojole eta trikitilariekin batera poteoa egin ondoren, Merkatu Plazan egin dute herri bazkarian batu dira denak. 200 lagunetik gora izan dira paella jaten batu direnak. Majo bazkaldu eta gero, zumba saio berezia egin dute Beheko Plazan batu zirenek. Gelditu ere egin gabe, oholtza gainean egon direnen pausoak jarraitzen ahalegindu dira plazan batutakoak.
Herritarrak zumba dantzatzen
Batzuek dantzan jarraitu duten bitartean, Malen jaien hasierako txapligua bota dute Goiko plazan. 18:00ak puntuan piztu du suziria udaltzaingoak, eta jarraian, Erraldoi eta Buruhandien Konpartsako kideen kalejira hasi da, txistulariekin batera. Txotxolo, Oker, Alper eta Txoro buruhandiekin aurrean korrika ibili dira herriko umeak, Urtzi, Mari, Sorgina eta Aker erraldoiek dantzan egin duten bitartean.
Ohi modura, Malen bezpera danborradarekin agurtuko dute. 23:00ak inguruan danbor joleek Goiko Plazatik Beheko Plazarako bidean hasiko dira, eta gauerdian amaituko dute ekimena, Mutriku herria joaz eta abestuaz.
Herritarrek Malen Eguna dotore jantzita ospatuko dute bihar [uztailak 22], eta jaiei bukaera ematen dien Santixo Eguna iritsi eta Bizixo balea agurtzeko unea ailegatu arte, mutrikuarrak bizi-bizi ibiliko dira jaiak ospatzen.
[EGITARAUA: MALEN JAIAK 2016]
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.