Lekeitioko EH Bildu: 'EAJ, kalea ezin da ezabatu'
Arduratuta gaude. Koldo Goitia alkateak jokaera tamalgarria erakutsi du aste hauetan, EAJk, emakumeen zapalkuntza estetikoaren aurkako horma irudia ezabatzerakoan. Aste honetako osoko bilkuran galdera egin genion gertatutakoari buruz eta “herria garbi mantentzeko” promesari jarraiki egin omen dute. Eta ez hori bakarrik, herrian dauden irudi guzti-guztiak ezabatzeko asmoa dutela adierazi zuen gainera. Denak banan banan. Mikel Laboaren irudia, preso eta iheslariak etxeratzearen aldekoa, Saharar errefuxiatuen elkartasuna adierazten duena… Tamalez, ezagunegiak zaizkigun jokaera autoritarioak bueltatu dira udalera. Eztabaidarik eman gabe, eragileekin berba egin gabe. EAJk nahiago du postal polit batean bizi, eta muzin egiten die herriko sentsibilitate ezberdinei.
Kalean egiten diren irudiek funtzio garrantzitsua dute. Herritarren identitatearen eraikuntzan laguntzen dute, pil pilean dauden auziak ikusgai bihurtzen dituzte edo historia edo ondarea ezagutarazten dute. Hondartzako muralarekin norma estetikoetan sartzen ez diren emakumeak lasai egon zitezkeen bikinian. Irudi askatzailea zen. Hondartzako murala ezabatzeak emakumeen aurkako zapalkuntzari begirunerik ez izatea esaten du. Eta gainerakoak ezabatzen hasten direnean, beste horrenbeste mezu zentsuratuko dituzte. Zoritxarrez, mezu hori ematen da herriko aldarriak isiltzen saiatuta.
Eta hori gutxi balitz, EAJk herriko eragile feminista nagusia udal batzordetik “joatea” lortu du. Arduragabekeri politiko galanta, eta galera izugarria da hori, eta ustez, herritar guztion onerako gobernatzen ari denaren inguruan ez du ezer onik esaten. Aldi berrietara egokitutako EAJ ireki, moderno eta tolerantea, historikoki ezagunegiak diren jarrera atzerakoiak hartzen ikusi dugu berriz. Iritziak kontrolatzen. Herritarren eskaerak “zikinkeria” moduan tratatzen. Herriaren interesak defendatu nahi badira herritarrekin batera egin behar da lana. Eta ez gutxi batzuen konplexuak obeditzera mugatu. Eztabaidak beldurra ematen dien gutxi horiek. Gure partetik, eskaintza argia da: kalean daude erantzunak, eta bide horretan lan egin nahi dugu, bidera animatzen den edozeinekin. Kalea denona da, eta kaletik elikatzen jarraitu nahi dugu gure ekarpena. Bukatzeko, eupada bana eman nahi genieke herriko eragile eta mugimendu ezberdinei. Adieraztea librea da. Askatasunak konplexu gabe adieraziz konkistatzen dira. Ez hormak eta ahoak isilduz.
-Edriga Aranburu. Lekeitioko EH Bilduren izenean.