Kolonbiako bake akordioak oso-betea izan gabe ere, asko poztu nau. Badirudi, Kolonbian nekazari, pobre eta ezker iraultzailearen proiektu politikoak hauteskundeetara aurkezteko Kolonbiako Gobernuaren laguntza izango duela. Izan ere, orain arteko saiakeretan ezagunak ziren eta politika egiten zuten ezker iraultzaileak hil egiten zituzten: presidente izateko bi hautagai, 2 abokatu, 8 kongresukide, 13 diputatu, 11 alkate, 70 zinegotzi eta milaka zibil afiliatu (iturria, Wikipedia). Hartara, kolonbiarrek bakea eta demokrazia eraikitzeko aukera gehiago izango dute. Begira, Espainiako Gobernuak ere aho bete hortz utzi ditu batzuk bake-hitzarmena sinatzeko Kolonbiako Gobernuari emandako onespenarekin. Beste batzuk ez gaitu harritu, espainiar kanpoeder horiek ezagutzen baititugu.
Horiek kanpoan erakusten baitute nola pasa daitekeen modu eredugarrian diktaduratik «demokraziara» hauteskunde huts-hutsekin, eta etxean 2003. urtetik egunkariak ixten, alderdi politikoak legez kanpo jartzen, milaka laguni hautagai izateko aukera ukatuz, besteak beste, noiz eta ezker independentistak emaitza onenak atera ondoren.
Hor dago gakoa, Espainia galtzen doanean egiten dutela tranpa. Euskal herritarrok taldeak lorturiko emaitza onen ondoren, eta EAJrekin nahiz EArekin sinatutako akordioaren ondoren, 2003an tranpa egin eta herritarren laurdena utzi gintuen bozka eskubiderik gabe.
Orain ere tranpa egin nahi dute EAEko hauteskundeetan, Arnaldo Otegi zerrendetatik eta politikatik kanpo utziz. Egoera baketsu eta demokratikoak EH Bilduri emaitza onak ekarriko lizkiokeelako; izan ere, irabazlea eta erabakigarria izan daitekeelako EH Bildu EAEko hurrengo gobernuan. Eta noski, Kataluniarekin nahikoa arazo ditu espainiar gobernuak, ez du nahi beste arazo bat Euskal Herrian. Zerk ematen dion bilurrik handiena? EAEko gobernuan eta Nafarroako gobernuan EH Bildu egoteak, Euskal Herriaren kontra egiteko zutabe nagusietako bat eroriko balitzaioke: zatiketa administratiboarena, hegoaldean. Nire ustez hor dago eztabaidarako gakoa, EH Bildu bi gobernuetan egoteak, herritarrei hobeto bizitzeko eta izan nahi dutena erabakitzeko eskubidea emanez, demokrazia eraikitzen hasiko ginatekeela eta erakutsiko genukeela espainiar gobernua ez dela demokratikoa. Horrek arazoak sortuko lizkioke, noiz eta bere etxea ere gobernatzeko gai ez denean. Zenbat hauteskunde gehiago beharko ditu gauzak bere horretan iraunarazteko?
Bai Kolonbian, bai Euskal Herrian herritarrek gobernu dezenteak eta hobeto bizitzeko eskubidea eta aukera duten da galdera.
Hortaz, nire ustez, bi zentzutan egin dezakegu lan: bata, espainiarren tranpa berri hau ere baliatzea euskaldunon arteko indarrak biltzeko eta demokrazia eskaerara (Otegi edo EH Bilduk aukeratutako beste edonor lehendakarigai izateko eskubidea duela onartzea) ahalik eta jende gehien ekartzen. Euskal herritarrek erabaki dezaten nor nahi duten lehendakari eta ez beste inork. Eta, bestea, herritarrei erakusten espainiar egiturak ezin direla demokratizatu eta gero eta legitimitate gutxiago dutela Euskal Herrian agintzeko, inoiz izan badute.
Hori egiteko moduetako bat Otegiren hautagaitza babesteko sinatzea da:
http://basquecivilrights.eus/sinatu-2/. Hau idatzi dudanean, 17.500 lagunek baino gehiagok sinatu dugu.