Aisialdi Zerbitzuaz eztabaidatzeko bilera dago bihar, Txitxintokian
Lekeitioko Aisialdi Zerbitzuaren inguruan eztabaidatzeko gurasoen batzarra egongo da bihar, 18:30ean, kultur etxeko Txitxintokian. Irailean amaitutzat eman du udalak orain arteko zerbitzua, eta Lekeitioko Aisialdi taldeak eta guraso batzuek zerbitzuare...
Lekeitioko Aisialdi Taldea orain dela bi urte sortu zen, herriko aisildiari astindu bat eman eta haur eta gazte elkarregaz gozatzeko helburuagaz, besteak beste. Taldea, Udalak ateratako lehiaketara aurkeztu eta atera ondoren, hogei begirale ibili dira astebururo, ume eta gazteen aisialdia sustatzen.
Aisialdi taldekoek jakitera eman dutenez, zerbitzua amaitu eta gaztegunea konpontzeko lanak hasiko ditu udalak. Izan ere, itoginak zeudela eta, konpondu beharraren premia nabarmendu dute erabiltzaileek.
Sinadura bilketa
Obrak amaitutakoan zerbitzuak jarraipenik izango duen da batez ere aisialdi zerbitzuko erabiltzaileen kezka. Hori dela eta, Lekeitioko haurrei eta gazteei bideratutako aisialdi zerbitzuak jarraipen bat edukitzearen aldeko sinadura bilketa bat daukate martxan.
Lanek dirauten bitartean, gainera, boluntario lana egiteko ere prest agertu da talde bat, «baldin eta udalak zerbitzua egongo dela ziurtatzen baldin badu».