Ikusgarria, jendetsua eta bizi-bizia. Holakoa izan da gaur [urriak 8] Markina-Xemeinen ospatu den Lea-Artibaiko Urriko Azoka Nagusia. Inguruko herrietatik autobus bete jende heldu da eguerdia aurretik, eta udaletxe atzeko aparkalekua, Zelaia, Goiko Portala eta frontoi inguruak animaliaz, baserritarrez, ekoizlez eta bisitariz bete dira.
Eskualdeko abeltzaien 230 ganadu buru eta baserritar eta artisauen 58 postu egon dira ikusgai, eskualdeko azokarik garrantzitsuenean eta asko izan dira joan-etorrian ibili direnak. Eta gaztetxoek ez dute aukerarik galdu animaliekin zein traktoreetara igota argazkiak ateratzeko. Eta azoka eremuari giroa jartzen, Markina-Xemeingo Musika Eskolako trikitilariak eta bertsolariak. Etxahun Lekue eta Amaia Agirrek bertso saio polita eskaini dute, Goiko Portalean bilduta zeudenen gozamenerako.
Ogia saltzen
Udaletxe atzeko aparkalekua jendez beteta egon da goiz osoan. Bertan, lehen aldiz, Euskal Herriko Biga Blonda Txapelketa egin da gaur. Ikusminez jarraitu dute han bildutakoek Blond/Akitania arrazako bigen inguruan emaniko azalpenak.
20 parte hartzaile eta 68 buru egon dira lehian, 7 ataletan banatuta. 1. atalaren irabazlea Ives Irigoenen (Bastida, Behe Nafarroa) Madeleine izan da; 2. atalaren irabazlea Olivier Auzkiren Limphe (Beaskane, Behe Nafarroa); 3. atala Jean Vicent Garaten Lune-k irabazi du (Bastida, Behe Nafarroa); hauxe izan da, hain zuzen ere, biga txapeldunen txapelduna, “prototipo bikaina eta etorkizunekoa izateagatik”; 4. atala Luzia Orbegozoren Lara-k irabazi du (Eizmendi, Azpeitia); 5. atala Iturbe anaien Laka-k (Arrieta, Bizkaia). Luzia Orbegozo nagusitu da 6. atalean ere; oraingo honetan Julia bigagaz; 7. eta azken atalaren irabazlea J. Philippe Etcheberri izan da, Juanita-gaz.
Blond/Akitania
Grupa onenaren saria, Markina-Xemeinen geratu da. Ismael Arriolak irabazi du (Barinaga). Amaitzeko, herrialde irabazlea Gipuzkoa izan da –Behe Nafarroa, Bizkaia eta Lapurdi/Zuberoa sailkatu dira ostean–.
Sariak banatzen Jaurlaritzako, aldundiko eta eskualdeko alkate zein zinegotziak egon dira, bai eta Lea-Artibai Amankomunazgoko presidentea ere. Euskal Herriko Biga Txapelketaren arduradunengandik eskerrak jaso zituzten: “Zuok barik ezinezkoa litzateke halako txapelketa bat aurrera ateratzea, eskerrik asko benetan”.
Lanaren fruitua. Bestalde, Arkupe aurrean, Idiazabalgo gazta, baserriko ogia, sagardoa eta txakolinaren dastaketa egin dute. Jesus Oleaga, Iñaki Suarez eta Aitor Intxaurraga egon dira epaimahaian. Sagardoa eta txakolina dastatu eta haien inguruko iritzia eman dute; aldiz, gazta eta ogi goxoenak aukeratu dituzte, lehiaketan.
Idiazabalgo gazta irabazlea Igor Txurrukarena izan da (Barroeta gazta, Markina-Xemein); 2. eta 3. saria Santamañe elkarteak (Santamañe gazta, Markina-Xemein) eta Eñaut Gallastegik (Onandi gazta, Mallabia) jaso dute, hurrenez hurren. Ogi irabazlea Lurdes Malaxetxebarriarena izan da (Labegur, Berriatua), eta Luis Mari Osak (Mañeko Azpi, Mallabia) eta Arantza Astigarraga (Arentza baserria, Etxebarria) izan dira bigarrena eta hirugarrena. Lorea Lejardiren (Meabe, Markina-Xemein) ogia izan da laugarren sailkatua.
Preso eta iheslarien eskubideen aldeko manifestazioa
Eskubideen defentsan. Urriko Azoka Nagusia aldarrikapenerako hitzordua ere izan da. Ibon Iparragirre ondarrutarraren eta gaixorik dauden gainerako presoen etxeratzea eskatu dute, eta Valenceko (Frantzia) espetxean preso dauden Ibon Goieaskoetxea eta Alex Zobaran presoek jasaten duten espetxe politika aldatzeko. Amnistia eskaria zabaldu da Markina-Xemeineko kaleetan.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.