Ama izendatzeko hitz bakarra dugu: ama. Aita hitzak berriz, aldagai gehiago izan ditzake: aitxa, atta, atxa, atte, atxe… eta ziur, gehiago ere badirela.
Nire belaunaldiko gehienok, gazteleraz ikasi dugu eta batzuk euskaraz alfabetatzeko urratsa eman dugu. Euskararen irakaskuntzan gaueskolak eta ikastolak izan dira aitzindariak eta hizkuntzaren kalitatea zaintzea eta eredu onak erakustea helburuetariko bat izan da. «Hizkuntza aldatzen bada, bizirik dagoen seinalea da», dio Koldo Zuazok, eta nik ere hala pentsatzen dut.
Auro Ansorregi
Ez nuke jakingo zehazten zein adinetik behera baina aspaldiko kontua da honakoa; ume, gazte zein ez hain gazteak aita hitza ordezkatu dute, gure betiko aitxa edo atxa hitzaren kalterako. Entzun bakoitzean belarriko mina sentitzen dut, ez zait eta, batere naturala iruditzen.
Gazteleraz mintzo direnen artean berriz, oso zabaldua dago «los aitas», «el aita» edo «la ama». Kasu hauetan ere alarmak jotzen du nire barrenean.
Zer ari zaigu gertatzen? Oraindik euskara onaren kontuarekin ari al gara bueltaka? Euskara ona Tolosakoa eta gurea, gure euskalkiak ez du balio? Ume bati martitzena edo asteko beste egun baten inguruan zeozer esan eta ez du arrastorik ateratzen. Eta etxean, nola esaten dute bada?
Gurasoen euskara ondorengoen jarraipena beharko lukeela uste dut. Erdararen interferentzia gero eta nabarmenagoa da euskaldunen artean. Euskaraz hasi eta gazteleraz bukatzea gero eta ohikoa dugu, euskañola hitza ere ugariago entzuten da.
Euskaraz ondo egiteak ez du zertan esan nahi norberak bere euskara baztertu egin behar duenik. Euskara Batuak esparru batzuk irabazi ditu: eskola, komunikabideak, administrazioa… Baina etxean, kalean, modu kolokialean ari garenean, gure pozak eta tristurak, gure haserreak eta sentimenduak adierazteko zergatik ez dugu bada geurean egingo, hau da, mutrikuarrez?
Astindu ditzagun konplexuak eta eroso senti gaitezen geure-geurean hitz egiten. Euskara batua eta euskalkiak behar ditugu. Batuak eginkizun batzuk ditu, euskalkiak berriz, bereak. Ez al da bada aberatsa egoera bakoitzerako hizkera bat edukitzea?