Miren Tere Aboitiz: 'Emakumezkoak ikus-entzunezkoetan eta Zine Bileran ere bai!'
Aurtengo 39. Euskal Zine Bilera antolatu daben lantaldeak edukiz bete dau programa, urriaren 15etik 22ra Lekeitio kulturaren portua bihurtuz.
Herritarrek osatutako lantaldeak, profesionalekin batera beharrean egindako barritasunen artean, (H)emen (H)ere Elkartea ezagutzeko aukera izango dogu.
Kopuru aldetik, ikus-entzunezko eskoletan emakume eta gizonen artean ez dago desberdintasunik, baina mundu profesionalean sartzerakoan, aldea handitu egiten da, emakumeak ia ikustezin bihurtuz.
Zergatik gertatzen da hau? Inertziaz, beharreko egitura maskulinoa dalako erabat.
Emakumeak ikus-entzunezkoen arloan dauken presentzia eskasaren aurrean hainbat ekimen egiten dira munduan. Euskal Herrian, 2016ko martxoaren 8an (H)emen (H)ere elkartea sortu zan. Bere helburua ikus-entzunezko, dantza edo zinemagintzan beharrean dabiltzan emakumeen ikusgarritasuna bultzatzea da, dagokien lekua aldarrikatuz eta euren behar aukerak erraztuz.
Eta zelan egiten da hau? Web orri eta datu base bat sortu dabe, eta arloko emakumeak euren C.V., beharreko froga, lotura, argazki eta abar bertan zintzilikatzeko aukera eukiko dabe. Izena emonda dauken ekoizle eta kontratatzaileak be profiletara sarbidea eukiko dabe.
Urtean ekintza piloa antolatzen dabiltzaz elkarteko kideak. Ezagunenak aipatzeko, apirilean Bilboko Loraldian egon ziran, eta irailean, Donostiako Zinemaldian. Lekeition be aukera ederra daukagu bihar 11:00etan Barandiaran Aretoan Emakumeak ikus-entzunezkoetan. Hezkuntzatik lan mundura izenburuagaz egingo den mahai inguruan.
Ez euki zalantzarik, eta hartu eizu tarte bat bertara joateko, berbaldia benetan interesgarria izango da, eta ikus-entzunezkoetan lanean dabiltzazen hainbat izen ezagun zuzenean ezagutzeko aukera izango dogu, gainera!
–Miren Tere Aboitiz. Lekeitioko EH Bilduren zinegotzia.