Larriki gaixorik dauden presoak etxeratzeko eskatuko dute Bilbon
Larriki gaixorik dauden presoak etxeratzeko eskatuko dute etzi [azaroak 26] Bilboko Gobernu Zibilaren aurrean egingo den elkarretaratzean. Bizkaiko gaixo larrien plataformak –Ondarroako Iparra Galdu Baik eta Galdakaoko Txus Martinen eta Durangoko Gorka Fraileren inguruko plataformak– deituta egingo da protesta, Aske eta bizirik. Kalera, berandu baino lehen lelopean.
Hain zuzen ere, gaixorik dauden presoen eskubideen defentsan, 12:30ean ipini dute Gobernu Zibilaren aurrean batzeko hitzordua, eta aurreratu dutenez, ordu erdi batez hantxe egongo dira. Ekimenaren ostean, Gobernu Zibileko ordezkariei idatzi bat eskura emango diete, gaixorik dauden presoen berehalako askatasuna eskatzen.