Mutrikuko Jauja Eskubaloi Taldearen 30. urteurrenaren harira, goi mailako ikuskizuna eskaini zuten Donostiako Super Amara Bera Bera taldeak eta Barakaldoko Prosectenisa Zuazok, zapatuan [abenduak 3], Mutrikuko kiroldegian. Lagunarteko partida ikusgarria jokatu zuten bi taldeek, eta garaipena donostiarrentzat izan zen;
26-20 irabazi zioten Barakaldoko taldeari.
Partidari dagokionez, lehen ordu laurdenean donostiarrak izan ziren nagusi. Bera Bera 8-0 irabazten hasi bazen ere, minutuak aurrera joan ahala tartea estutzen joan ziren Zuazoko jokalariak. Barakaldokoek ondo jokatu bazuten ere, donostiarrek hasieran lortutako abantailari eutsi ahal izan zioten partida amaitu arte.
Partida amaitzean, bestalde, Bera Berako Alba Menendez kapitainak
oroigarria jaso zuen Joxe Agustin Elezgarai eta Elena Gomezen eskutik, eta Yesica Nogales Zuazoko kapitanak, ostera, Lupe Teixeira eta Nekane Astigarragaren eskutik jaso zuen oroigarria.
Jaujako zuzendaritza taldea, Jose Angel Lizardi alkatea eta Francisco Barros Gipuzkoako Eskubaloi federazioko presidentea Barakaldoko Zuazoko taldeko jokalariekin batera. Argazkia: Jauja
Jaujako ordezkariek nabarmendu dutenez,
zale asko batu zen zapatuan, Mutrikuko kiroldegian. Zaleek ondo pasatzeko aukera izan zuten, eta horrez gain, hainbat jokaldi ere txalotu zituzten.
Ospakizunak Arkugain elkarte gastronomikoan egindako bazkariarekin amaitu zituzten. “Bazkaltzen 90 bat lagun batu ginen, eta beste hamar bat lagun kafera etorri ziren”.
Jaujakoek, bestalde, urteurrena ospatzeko egin dituzten ekimenen inguruko
balorazio oso ona egin dute. “Oso gustura geratu gara. Jende asko etorri da erakusketara; polita izan da, baita eskubaloi jaialdia ere. Egin dugun esfortzuak merezi izan du”.