Aldundiak Etxebarria eta Markina-Xemein arteko errepidea konponduko du
Aurreikuspenen arabera, lanak apirilean hasiko dituzte, eta urte bete iraungo dute. Bideak zabaldu eta bazterbideak egingo dituzte. Konponketa «premiazkoa» dela dio Etxebarriko UdalakBizkaiko Foru Aldundiak Etxebarria eta Markina-Xemein lotzen dituen...
Aurreikuspenen arabera, lanak apirilean hasiko dituzte, eta urte bete iraungo dute. Bideak zabaldu eta bazterbideak egingo dituzte. Konponketa «premiazkoa» dela dio Etxebarriko Udalak
Bizkaiko Foru Aldundiak Etxebarria eta Markina-Xemein lotzen dituen BI-2636 errepidea konponduko du. Alde batetik, bidea zabalduko dute, tamaina handiko ibilgailu bi arazorik barik gurutzatu ahal izateko, eta bestetik, errepide nagusiagaz bat egiten duten sarrerak hobetuko dituzte ibilgailuen segurtasuna bermatzeko. Etxebarriko Udalak jakitera eman duenez, apirilean hasi nahi ditu lanak aldundiak.Urte asko darama Etxebarriko Udalak konponbide eske. Izan ere, herri biak lotzen dituen 2 kilometro eta erdi inguruko errepidea oso bihurgunetsua da, eta gune batzuetan, tamaina handiko ibilgailu bi aurkitzen direnean, zirkulazioa gelditu egin behar izaten da.
Okokiko bihurgunean eta zubian arazoa okerragoa da oraindik, tamaina handiko ibilgailu bat eta tamaina txikikoa ere ezin dira gurutzatu eta. Hori dela eta, konponbidea «premiazkoa» dela azpimarratu du Jesus Iriondo Etxebarriko alkateak.
Zirkulazio handia
Guztira, 12 hilabeteko obra izango da, eta epe horretan, Txoribenta auzoko zubitik hasi eta Beide baserriaren parerainoko bide guztia zabalduko dute. Aldundiak bihurgune batzuk zuzenduko ditu ikuspena hobetzeko, eta bideak ere zabaldu egingo dituzte, bazterbideak ere egingo dituztelarik. Horrez gain, bide-zorua berritu eta drainatze-sistema egokituko dute.
Momentu honetan, errepideak 6 metroko zabalera dauka, gutxiago tarte askotan, eta ez dauka bazterbiderik. Esate baterako, Txoribenta auzora heltzeko dagoen zubiak 5 metro inguruko zabalera dauka, eta bi ibilgailu txiki ere ezin dira gurutzatu. Horren ordez, errepide berriak, 3 metro zabalerako bide bi eta metro erdiko bazterbideak izango ditu, eta auzo, etxebizitza eta enpresetara joateko sarbideak ere egokitu egingo dituzte. Lanen kostua 2,8 milioi eurokoa izango da.
Etxebarria eta Markina-Xemein arteko errepidean zirkulazio handia dago. Izan ere, asko dira Galartza industrigunean dauden enpresa handietara joaten diren tamaina handiko kamioiak. Aldundiak jakitera eman duenez, gutxi gorabehera 4.000 ibilgailu igarotzen dira egunero errepide horretatik, eta euretatik 340 tamaina handikoak dira.
Udalaren onespena izan du proiektuak. Hala eta guztiz ere, bizikletentzako bidea bota dute faltan.