HITZA-k jakin ahal izan duenez, bertsolari berriatuarra gaur [otsailak 2]
goizean zendu da, 81 urterekin. Pasaian jaio arren, urte eta erdi zituela Berriatu Berriatuko Torre baserrira joan zen bizitzera, eta 1960an Itsasmendiko Maria Arrizabalagaz ezkondu zenez geroztik, Mutrikuko bizilaguna zen.
Bertsolaritzaren ikurretako bat izan da Azpillaga, eta berak aitortzen zuen modura, “bertsoa odolean zeraman”. Santa eskeraren inguruan hasi zen kantuan 10 urterekin, eta ikasitako koplak kantatzen zituen. 14 urterekin, berriz, bat-batean jardun omen zuen santa eskean. Mutrikuko santa eskean ere, Okelar anaiekin batera urte askoan kantatukoa da, besteak beste.
Mutrikuko kaleko santa eske hiritarraren bultzatzaileetako bat ere bazen. Goizeko Izarra ikastolarekin batera hasi ziren herrigunean ere santa eskean, duela 49 urte. “Hortik aurrera zapatuetan hasi ziren kantuan koplaka”. Santa Ageda bezperan, urtero modura, mutrikuarrak kantuan aterako dira, eta Azpillaga presente edukiko dute. “Pentsatuta genuen modura egingo dugu santa eskea, bere omenez. Dakigunez, ilusio berezia egiten zion aurten koplak entzutera jaisteak. Goiko Plazan abestuko ditugun lehen koplak bere omenez kantatuko ditugu”.
Plazagizon handia zen, eta lehenengo saio ofiziala Jon Mugartegigaz batera egin zuen Amoroton, 1950ean. Osteko saioak inguruko auzo txikietan egin zituen: Asterrikan, Mendexan, Larruskainen… 50 urte geroago plazan berean egin zuen azken saio ofiziala Azpillagak.
Jon Azpillaga, iaz Okelar anaiei egindako omenaldian, Egana eta Lizasorekin batera
Debekuen gainetik. Frankismo garaian ere plazaz plaza ere ibili zen Jon Lopategi lagun hartuta. 1970eko hamarkadan bikote ezagun eta banaezina osatu zuen biek. Garaiko zentsuraren gainetik, gai politikoez ere aritu ziren kantuan eta, ordainetan, debekuak eta kuarteletako egonaldi batzuk ere ezagutu zituen.
Goizeko Izarra ikastolaren sorreran parte hartu zuen, eta herriko bertso eskolaren sorrera bultzatu
Plazetan ez eze,
txapelketetan ere bide oparoa egin zuen. 1961ean Bizkaiko txapeldun izan zen Bilboko Coliseo Albian. Bizkaiko txapelketan parte hartu zuen azken aldia 1965ean izan zen. Ordukoa izan zen garai hartako azken txapelketa Azpillagarentzat; izan ziren gehiago ere, baina bera ez zen aurkeztu. Izan ere, Mutrikura ezkondua zen, eta bizkaitarra edo gipuzkoarra zen zalantzak eta esamesak sortu omen ziren han eta hemen. Txapelketa nagusietan, berriz, lau bidar heldu zen finalera: 1960an, 1962an, 1980an eta 1982an.
Euskaltzalea izan da beti Azpillaga. 1968an Mutrikuko Goizeko Izarra ikastolaren sorreran parte hartu zuen, eta 1987an herriko bertso eskolaren sorrera ere bultzatu zuen; hainbat urte egin zituen bertan gazteekin bertso lanean.
Mikel Aizpuruak, berriz,
Hasi Azpillaga liburua argitaratu zuen Azpillagaren bizia eta obra jasoz. Hantxe bilduta dator Azpillaga “jendezalea, familiazalea, lagunzalea eta umezalea izan dela beti. Bai fededuna ere, elizetan asko kantatu izan du, bai eta eta sermoia bertsotan eman ere”. Orain bi urte, esate baterako, bertsotan eman azken agurra Roman Maiz
Okelar lagunari.
Bihar [otsailak 3] emango diote azken agurra, Mutrikuko Jasokundeko Andra Mariaren elizan 19:00etan egingo den elizkizunean.