Jose Mari Urrutia Etxaburu
Totolo (Mexiko Hiria, Mexiko, 1953) ondarrutarrak zainetan darama pilota. Ospe handiko
Totolo puntista ezagunaren semea, bera ere puntista izandakoa da. 40 urte baino gehiago daramatza Urrutiak pilotako materiala jasotzen.
Noiz hasi zinen pilotari buruzko bilduma egiten?
40 urte inguru izango dira, gehiago ez badira.
Eta bilduma bat egiten hasteko zaletasuna nondik datorkizu?
Pilotari buruzko gauza asko ez zirela aintzat hartzen ikusi nuen, eta galdu aurretik, gordetzen hasi nintzen. Aita puntista izanda, gainera, etxean material asko genuen, eta pilota munduan jarraitu duen oinordeko bakarra ni izan nintzenez, aitak gordetzen zituen gauza guztien jabe egin nintzen. Gero, handik eta hemendik lortu ditudan gauzei esker bilduma handitzen joan naiz.
Pilotari buruzko zenbat altxor gordetzen dituzu?
Milaka gauza izan ditzaket.
Esate baterako, zer eduki dezakezu?
Liburuak, paparrekoak, prentsako ebakinak, filateliako gauzak, panpinak, kartelak, pilotarien jantziak, argazkiak pila bat… Programak ere asko gordetzen ditut. Aita Gernika-Lumoko frontoiko intendentea ere izan zen, eta bertoko frontoia estreinatu zeneko hainbat programa original ere gorde zituen.
Totolu Urrutia bere bildumako hainbat objektugaz
Eta horiek denak zenbatuta dituzu?
Ez daukat inbentario bat egiteko nahikoa astirik. Batzen ditudan gauzak bata bestearen ondoan joaten naiz pilatzen.
Bilduma handi horretatik zer da baliotsuena zuretzat?
Antzina kromo batzuk eta Antonio Idiakez lehengusuak emandako Markina-Xemeingo partidei buruzko hainbat programa. Lehengusuak inprenta bat eduki zuen Ondarroan, eta Markina-Xemeingo frontoirako inprimatzen zituen hainbat programa gordeta zituen. Uholdeak harrapatuta hainbat galdu egin ziren, baina onik atera zirenak oparitu egin zizkidan.
Kirol hau gure izatea da; gure historiaren eta kulturaren zati handi bat da
Horiek gauza guztiak non lortzen dituzu?
Urte asko daramatzat mundu honetan, eta azkenean nora jo edo norengana jo behar duzun ikasten da. Ibili egin behar zara toki denetan bilatzen, eta horretan egunero aritzen naiz. Nire eskuetara ailegatzen den guztia etxera eramateko aukera badut, erosi egiten dut.
Zer izan da azkenengo erosi duzun objektua?
Erraketistek zigilu berri bat atera zuten Eibarren, eta deitu nienerako zigilua agortuta zegoen. Hori bai, filateliako bi gutunazal berezi erosteko aukera eduki nuen.
Badago lortzerik izan ez duzun zerbait?
Gauza asko. Denera ezin naiz ailegatu, nire ekonomia mailak ez dit nahi ditudan gauza guztiak erosteko adina ematen eta. Italieraz idatzitako
Il gioco della pala argitalpena erosten saiatu nintzen, esaterako, baina liburua oso garesti saltzen zuten, eta hori ez zegoenez nire eskura, ezin izan nuen erosi. Italiako ezagun bategaz jarri nintzen harremanetan, eta liburuaren faksimile bat salgai zegoela esan zidan, eta horregaz konforme geratu nintzen.
Totolo Urrutia bere bildumako hainbat objektugaz
Inoiz ezer saldu al duzu?
Saldu inoiz ere ez. Gauza bat errepikatuta ez baldin badut, ezta pentsatu ere.
Zer dela-eta hasi zinen pilotari buruzko bilduma egiten, eta ez beste zerbaiti buruzkoa?
Betidanik bildumak egitea gustatu izan zait. Umetan ere, kromoak edota puxtarrien bilduma egiten nituen. Gerokoan, pilotari buruzko edozer topatuz gero, gordetzen hasi nintzen, eta gaur egun, pila bat gauza ditut gordeta. Ezagutzen ditudan batzuek pilota diziplina baten inguruan egiten dute bilduma, baina nire kasuan, modalitate guztietakoak jasotzen saiatzen naiz.
Beste bilduma batzuekin alderatuta, zer du berezia zureak?
Pilotari buruzko gauza asko batzen saiatu naiz, eta eduki aldetik oso aberatsa dela uste dut. Diziplina askotariko gauzak batu ditut: zesta-punta, erraketa, esku pilota, pala, erremontea… denetarik pixka bat.
Eskuetara ailegatzen den guztia etxera eramateko aukera badut, erosi egiten dut
Erakusketak ere egiten dituzu.
Batutako materiala ezagutzera emateko aukera ederra da. Nire materiala Euskal Herriko museoei ere eskaintzea gustatuko litzaidake.
Zein da daukazun ametsik handiena?
Euskal Herriko pilota modalitate guztiak batzen dituen museo bat irekitzea izango litzateke nire ametsik ederrena. Museoa eginez gero, gainera, polita izango litzateke mundu osoan jokatzen diren beste pilota modalitate batzuei ere keinu bat egitea, Pilota joko ikusgarriak daude munduan zehar eta. Museoa egiteaz gain, pilotaren inguruan ahalegin gehiago egin beharko litzateekela uste dut.
Zer eratara?
Nik ustez derrigorrezkoa izan beharko litzateke gure kirola zaintzea. Pilotaren inguruko museo bat ahalik-eta arinen egin beharko litzateke, eta zenbat eta beranduago egin, interes gutxiago izango duela uste dut. Era berean, pilotaren inguruko ikerketa bat ere egin beharko litzatekeela uste dut, pilota nondik datorren edo noiz sortu zen argitzeko, esate baterako. Kirol hau gure izatea da; gure historiaren eta kulturaren zati handi bat da, eta konturatu naizenaren arabera, ezer gutxi dakigu gure pilotari buruz.
Pilotari buruzko liburu bat ere argitaratu duzu, ezta?
Ondarroako Historia Zaleak taldeari Saketik errebotera liburua argitaratzeko proposamena nik egin nien, eta gerora, erraketistei omenaldi bat egiteko itxaropenagaz, Erraketistak argitalpena ere osatu nuen Jabier Sagastizabalegaz batera.