Mutrikuar bat larri zauritu da Azkoitian izandako lan istripuan
Astelehenean lan istripua izan zuen 35 urteko mutrikuar batek, Azkoitiko Ibarmia enpresan. Lau metroko altueratik erori zen, eta LAB sindikatuak jakitera eman duenez, «oso larri» dago.Sindikatuaren ordezkariek azpimarratu dutenez, atzo eduki zuten is...
Astelehenean lan istripua izan zuen 35 urteko mutrikuar batek, Azkoitiko Ibarmia enpresan. Lau metroko altueratik erori zen, eta LAB sindikatuak jakitera eman duenez, «oso larri» dago.
Sindikatuaren ordezkariek azpimarratu dutenez, atzo eduki zuten istripuaren berri. Sindikatuak elkartasuna adierazi die langileari, haren familiari, gertukoei eta langilegoari.
Zauritua Elgoibarko Betelu enpresako langilea da izatez, baina Azkoitian dagoen Ibarmia enpresak azpikontratatuta zebilen lanean. LABek azaldu duenez, Ibarmia Adegiko presidenteordearen enpresa da. UROLA KOSTAKO HITZA, bere aldetik, harremanetan jarri da Ibarmia enpresarekin, baina ez dutela hitz egingo jakinarazi dute enpresakoek.
Lan istripuetan patronalak duen erantzukizuna nabarmendu du sindikatuak, eta salatu dutenez, enpresak lan istripua «isilean eta ezkutuan» gorde du. «Gertuko pertson baten bitartez izan dugu horren berri. Adegiren ordezkari nagusiak berauek dira isiltasun honen konplize nagusiak. Zergatik isilean gorde? Zer edo zer ari dira ezkutatzen?».