Puerto III espetxean (Cadiz, Espainia) bakartuta jarraitzen du abokatuak. Ez hori bakarrik. Alfonso Zenon abokatuak salatu duenez, okerrera egin du haren egoerak azken egunetan.
Orain hiru aste aitortu zuen Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaitegiak patio denboran beste preso batzuekin egoteko eskubidea urratu zaiola presoari, baina epaiaren ondoren ere, presoak berdin-berdin jarraitzen du ziega barruan egunean 20 ordu pasatzen, bakarrik. Zenonek azpimarratu duenez, orain beste bi presorekin erabili behar du patioko espazioa –13×5 metro, eta goialdea sarez itxita–. “Epaiarekin ez da ezer aldatu: bakartze moduluan eta egoera berean jarraitzen du”.
Helegitea aurkeztu dute autuaren aurka. Eta Auzitegi Nazionalari Zulueta aska dezala ere eskatu diote.
Arantza Zuluetaren egoera salatzeko elkarretaratzea, Lekeition
Espetxe Zaintzako epailearen autoa datu faltsuetan oinarritzen dela salatu du Zenonek. “Ukatu egiten du bakartze modulu batean dagoela ere”. Berez, kartzelara bisita egitera joateko eskatu zion epaileari Zuluetaren defentsak, edo haren ordezkari bat bidaltzeko bestela, baina ez du halakorik egin, eta espetxearen arduradunek bidalitako txostenari bakarrik egin dio kasu. Eta txosten hori “gezurrez beteta” dagoela salatu du abokatuak.
Babes bila. “Gero eta argiago dago erabaki politiko bat dela hau”, salatu dute Arantza Askatu plataformako kideek. “Mendeku hutsa da”. Babesak biltzen jarraituko dutela ere azaldu dute, eta esku hartzeko eskatuko diete EAEko Arartekoari eta Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordeari.
Egoeraren larritasuna azpimarratu du Zenonek. “Arantza indartsua da, baina dagoen egoeran edozein momentutan egin dezake buruak krak, eta hasi dira gauza batzuk agertzen”. Begi batean arazoak dituela aipatu du, esate baterako.
Bakartzeari eusteko presioak. Informazio bilera asko egin dituzte abokatuekin Zuluetaren aldeko plataformako kideek, eta, Zenonek dioenez, lege arloan aritzen den jendeak ez du ulertzen Zuluetagaz gertatzen ari dena. “Egoera hau bere horretan mantentzeko presioak daude, bestela ez baita ulertzen zelan mantendu daitekeen bakartze egoera hiru urtez epaiketaren zain”.