5.259 sinadura lortu ditu GED-k
Berriatuko plaza bete dute herritarrek, Lea-Artibain ere erabaki egingo dela ospatzeko. Lea-Artibai mailan galdera bat adostea izango da hurrengo pausoaLea-Artibaiko Gure Esku Dago-k maiatzaren 7ko herri galdeketarako beharrezko sinadura kopurua bikoiz...
Berriatuko plaza bete dute herritarrek, Lea-Artibain ere erabaki egingo dela ospatzeko. Lea-Artibai mailan galdera bat adostea izango da hurrengo pausoa
Lea-Artibaiko Gure Esku Dago-k maiatzaren 7ko herri galdeketarako beharrezko sinadura kopurua bikoiztu baino gehiago egin duela ospatu zuen zapatuan, Berriatuan egindako ekitaldian. Plaza bete zuten herritarrek, Lea-Artibain ere erabaki egingo dela ospatzeko.Oinez, bizikletaz eta autoz ailegatu ziren Berriatura eskualde osoko herritarrak 12:30ak orduko. Eneko Arrate ekitaldiaren aurkezleak ongietorria eman zien kiosko parera ailegatu ahala. Txaloz hartu zituzten.
Eguraldia lagun, giro ederrean ospatu zuten maiatzaren 7an herri galdeketa egiteko sinadurak lortu izana, eta giro ederrean aldarrikatu zuten Ispasterrek hasitako bideari jarraipena emango diotela.
Xabat Galletebeitia eta Iratxe Ibarrak bertsotan bildu zituzten GED-ren egitekoa eta nahia, herritarren desio eta ahaleginak. Saioa Lopez eta Asier Txakartegi igo ziren oholtzara ondoren, eta herriz herri lorturiko sinadura kopuruaren berri eman zuten. «2.316 sinadura behar ditugu galdeketa antolatu ahal izateko, eta zenbat lortu ditugu? 5.259 sinadura! Bai. Zer esan nahi du horrek? Horrek esan nahi du Lea-Artibain erabaki egin nahi dugula. Lea-Artiban ere erabaki egin- go dugula!».
2014ko giza kate erraldoia, 2015ean jositako milaka oihal eta Euskal Herriko estadioetan eginiko ekimenak gogoan, ez dagoela atzera bueltarik esan zuten: «Olatu gainean gaude. Geure esku dago, eta Lea-Artibain ere erabaki egingo dugu. Herri guztietan, eskualde guztian erabakiko dugu, ilusioa eta gogoa gainezka dauzkagu!».
Adosteko sasoia
Beharrezko sinadurak lortu ostean, Lea-Artibai mailan galdera bat adostuko du GED-k, herriz herri lehenengo, eta eskualde mailan ostean. Herritarrak izango dira bidea egingo dutenak, galdera adostuko dutenak. Eta maiatzaren 7an erabakiko dutenak. «Abenduaren 11n Lekeition elkartu ginen, eta harrez gero, ehuntzen ibili gara. Primeran ehundu ere!». Horretxen adierazgarri da Lekeitioko agerraldi hartatik gaurko honetara egindako bidea. «Herritarren borondatea eta babesa batu ditugu, eta orain, beste pauso bat eman nahi dugu». Horretarako, galdera adosteko, «ehuntzen» jarraituko du GED-k, herritarrak batzen.
Bestalde, ekimenera batu nahi duen guztiarentzat atea zabalik dagoela gogora ekarri dute. «Ekimen hau herritarrona da, zabala, sortzez eta izatez, eta geure esku dago hala izatea», adierazi dute.
1931 urtea ere ekarri zuten gogora, Gernikan udal ordezkariak batu zirenekoa. Orduan, Bermeo, Getxo, Elorrio eta Mundakako alkateen deiari erantzunda elkartu ziren. Egun batzuk lehenago eratu zituzten udalak. «Getxokoa, esaterako, apirilaren 4an. Jose Antonio Agirre aukeratu zuten alkate. Agirrek euskal errepublika aldarrikatu zuen, eta halan egiteko deia egin zien gainerako udalei. Gaur herritarrak batu gara Berriatuan. Eta herritarrak batzen gabiltza Euskal Herrian zehar. Erabaki egin nahi dugu! Demokrazioa horixe ez da ba! Herritarron sasoia da».
Oraingoan ere, udal ordezkariak erabakitzeko bidera batuko direla jakitera eman zuten; 1979tik gaur egunera Lea-Artibaiko udaletan ordezkari izan diren alkate eta zinegotzi guztiak, hain zuzen. «1931n eurena izan zen ekimena, eta herria batu egin zitzaien. Orain, herritarrona da ekimena eta eurak batuko zaizkigu». Eta elkarregaz ekitea garrantzitsua zela azpimarratu zuten. «Denok gara beharrezkoak, erabakitzeko eskubidearen aldeko bidean».
Berriatuko ekitaldiaren ondoren, maiatzaren 7ko herri galdeketara begira jartzeko kanpaina hasiera egingo du Lea-Artibaiko Gure Esku Dago-k. Apirilaren 8an jarri dute horretarako hitzordua, 12:30ean, Ondarroako Beikozinin. Besteak beste, Lea-Artibain egingo den galdera, eskualdeko kanta eta bideoklipa aurkezteko ekitaldia izango dela aurreratu dute.