Hilaren 18an egin zuten lehen lan saioa, eta
zapatuan batuko dira berriro erabakiak hartzeko.
11:00etatik aurrera udal aretoan elkartuko dira, eta atseden gune bat sortuz espazio berdeak janzteko erabakiak hartzeagaz batera, udal ordezkariek 2016 aurrekontuak azaldu eta 2017rako prestatu duten
aurrekontu-zirriborroa aurkeztuko dute.
Martxoaren hasieran Munitibarko herriaren norabidea zehazteko zereginean, gai garrantzitsuei buruzko beharrezkoak diren erabakiak herritarren parte hartzeagaz hartzeko
Zeuaz egitasmoa aurkeztu zuten udal ordezkariek, eta parte hartze prozesu horren barruan herriko
gune berdeetan altzariak jartzea zehaztu zuten.
Herritarrak hilaren 18ko batzarrean planoak aztertzen.
Argazkia: Munitibarko Udala
Horretarako hemendik aurrerako diru laguntzak eskatzerako orduan
herritarren beharrak eta nahiak kontutan hartuko direla zehaztu dute udaletik: “Laguntza bakoitzaren proiektua aurketu baino lehen herritarren parte hartzea bermatuz”.
Orain dela bi aste egin zuten lehen batzarrean parte hartu zutenek Bengola edo mintegi osteko zelaia egokitzea erabaki behar izan zuten, eta atseden gunea
Bengola aurreko zelaian egitea ebatzi zuten. Horrekin batera, Elortzatik Bengolara jaisteko pasabidea jartzea erabaki zuten.
Egokitu gura duten gune berdean zelako
altzariak jarri eta zein lekutan aztertu zuten, eta horretarako planoak eta fitxak banatu zizkieten bertaratutakoei: “Taldetan jarrita, talde bakoitzak lokalizazio baten alde egin, eta altzairuak planoetan kokatu zituzten. Ondoren, talde bakoitzaren proposamena talde osora eraman, eta eztabaida zabaldu genuen”, azaldu dute udal ordezkariek.
Udalak diru laguntzetara
32.500 euroko proiektua aurkeztu du. Batzarrean proiektuaren nondik norakoak aztertu zituzten, eta parte hartu zuten herritarrek aldaketa bat egiteko proposamena egin zuten. Udal ordezkariek diru laguntza kudeatzen duten teknikariekin kontsulta egin dute, eta zapatuko batzarrean azalduko dute haiek emandako erantzuna. “Bertan hartuko ditugu azken erabakiak”.
Albiste honekin lotuta:
Udalerriaren norabidea zehazteko egitasmoa aurkeztu du Munitibarko Udalak