Iker Azkaratek eskuratu du Berriatuko 36. San Gregorio Saria
Iker Azkaratek (Caja Rural-Seguros RGA) irabazi zuen domeka arratsaldean lehiatu zen Berriatuko 36. San Gregorio Saria-II. Asier Aranzeta Memoriala lasterketa. Sei txirrindulari batera heldu ziren helmugara, garaipena lehiatzeko, eta Azkarate izan zen ...
Lasterketako bigarrena Marc Buades izan zen (Fundacion Euskadi) eta Txomin Juaristi Arrieta txirrindulari markina-xemeindarrak hirugarren postua lortu zuen. Baque-BH Team taldeko txirrindulariak eskualdeko eta 23 azpikoetako lehenengo txirrindulariaren sariak ere eraman zituen. Caja Rural Seguros RGA izan zen lasterketako talderik onena.
Guztira, 131,5 kilometroko ibilbidea egin zuten txirrindulariek Berriatutik irten eta Ondarroa eta Lekeitio arteko kostako bidean zehar. Mutriku eta Debatik ere egin zuten azken buelta parte hartzaileek. Guztira, 39 txirrindulari heldu ziren helmugara.
Lehenengo euskalduna
Azken egunetan podiumean ibili da Txomin Juaristi. Aurreko egunetan, elite eta 23 azpiko kategorian, Espainiako lasterketarik hoberentzat daukaten 45. Bidasoa Itzulia lehiatzen egon da, eta Espainiako afizionatuen mailako talderik hoberenak bai eta nazioarte mailako hoberenak parte hartzen duten lau eguneko lasterketako lehen hamabosten artean ibili da borrokan, azkenean sailkapen orokorreko 8. postua bere egin duelarik. Markina-Xemeingo txirrindularia Bidasoa Itzuliko lehenengo euskalduna izan da.