Aurrera Kirol Elkarteak bazkideen ohiko asanblada orokorra egingo du gaur Kofradia Zaharreko bigarren solairuan. Batzarrerako lehen deialdia 18:30etarako egin dute, eta bigarrena ordu laurden beranduagorako.
Batzarrean, aurtengo balantze ekonomikoa eta kirol balantzea aurkeztuko dituzte. Bestalde, datorren urterako aurrekontua ere aurkeztuko du
Eladino Gonzalez buru duen zuzendaritza batzordeak, bazkideek berau onartzeko. Kirol arloari dagokionez, 2017/2018 denboraldirako proiektuari buruzko azalpenak ere emango dituzte, aurten maila galdu baitu nagusien taldeak.
Azpitarte, Lopez eta Duarte, euren aurkezpenean.
Aurpegi berriak. Denboraldia amaitu zenean Ibon Lopez izendatu zuten Aurrerako nagusien taldeko entrenatzaile. Zuzendaritza batzordeak Joseba Plaza markina-xemeindarrari karguan jarraitzeko aukera eman zioten arren, bai berak eta baita bere laguntzaileek ere kargua uztea erabaki zuten, arrazoi ezberdinak tarteko.
Ibon Lopezek, Juanan Azpitarte eta Andoni Duarte izango ditu laguntzaile denboraldi berrian, eta
Mikel Aramaio Aristondo kirol zuzendari berriarekin batera hasiak dira jada talde berria osatzen.
Maila galduta, ondarrutarrak ez ziren jokalari gehienek taldea uztea erabaki zuten, eta horrek jokalari berriak fitxatu beharra ekarri du.
Jon Iñaki Mendizabal eta Iosu Muiños ondarrutarrak Mutriku Futbol Taldetik,
Josu Aldazabal erdilari markina-xemeindarra Artibai Futbol Taldetik eta C.D. Elgoibarretik datorren
Josu Barrenetxea dira momentuz aurpegi berriak. Iazko denboralditik taldean jarraituko dutela baieztatu dutenak Oier San Miguel atezaina eta Ander Laka, Jon Burgoa, Eneko Ibarluzea, Iraitz Larrañaga, Jesus Ojeda eta Ander Olabarria jokalariak dira. Bestalde, iaz Aurrerarekin jokatzen zuten baina Berriatuko Futbol Taldeko fitxa zeukaten Aitor Elizburu, Jon Gabi Eizagirre eta Mikel Landaribar jokalariak ere Aurrerako fitxa edukitzera pasatuko dira.
Ibon Lopez entrenatzaileak talde lehiakor bat osatzeko lanean jarraituko duela aitortu du, eta oraindik ere ez dagoela taldea erabat itxita. Abuztuaren 7an hasiko da aurredenboraldia, hilaren 12an Zaldupen Andra Mari Saria jokatzeko.
Josu Aldazabal markina-xemeindarraren aurkezpena Zaldupen.