Kanpainak,
bi helburu nagusi ditu: herritarrei
euskaraz bizitzeko aukera ematea eta
euskara are gehiago erabiltzeko konpromisoa hartzea. Aste honetan udalak hainbat saltoki bisitatuko ditu
Euskara eskaintzarik onena kanpainaren berri emateko dendariei.
Udalak, bisita horietan,
euskararen erabilera handitzeko dauden aukerak eta laguntzak azalduko dizkie dendariei eta hitzarmen baten bidez, zenbait konpromiso hartzera gonbidatuko dituzte.
Hitzarmena sinatzen duten dendei, jarraipen bat egingo zaie, eta irailean beste bisita bat egingo diete Ondarroako Udaletik, euskararekiko hartutako konpromisoen betetze maila zehazteko.
Udalak nabarmendu du hizkuntzarekiko
konpromisoak maila askotakoak izan daitezkeela: jendaurreko hartu-emanean, errotulazioan, paper kontuetan, publizitatean, eta abar. Sare sozialetarako hartutako konpromisoei garrantzi berezia emango diela nabarmendu dute udal arduradunek, “gaur egun sare sozialek jendartean duten eragina dela eta”.
Soziolinguistika klusterrak martxoan egindako hizkuntza azterketan ondorioztatutakoaren arabera,
euskararen egoera ona zela nabarmendu zuen Leire Beitia euskara zinegotziak maiatzaren hasieran, baina hala eta guztiz ere, udalak euskararen erabilera areagotu eta hobetu egin nahi du Ondarroan.