Euria ere ez da oztopo izango aurten, Santixau jaiekin gozatzeko. Peñanekua plazako berdegunea estaliko duen
35 metroko karpa erraldoia jarriko du udalak aterpe modura, eta jaietako ekimenak bertan egin ahal izatea ziurtatu dute horrela.
Atzo hasi ziren gunearen prestaketekin eta biharko dena izango dute atonduta. Izan ere, txupinazoa zapatuan [uztailak 22] bada ere, bihar [uztailak 21] hasiko dira jai giroan sartzen etxebarritarrak. Txosnek ere bihar irekiko dituzte pertsianak, eta pintxo potea eta Algara taldearen kontzertu akustikoa egongo dira martxagaz hasteko.
Jaietarako karpa prestatzen Etxebarrian.
Bost egunetan bildu dituzte aurten, jaietako ekimenak, biharko Nagusien Egunagaz hasi eta Santixau Egunera arte. Domekan, Koadrilen Eguna ospatuko dute, ohiko paellada herrikoiagaz, eta astelehena Umeen Eguna izango da.
[SANTIXAU JAIETAKO EGITARAUA]
Erromeriak. Aspaldi egiten zen bezala, arratsalde-iluntzeko erromeriak berreskuratu nahi izan dituzte aurten, etxebarritarrek. Horrela, Koadrilen Egunean, Umeen Egunean bai eta Santixau egunean ere dantzan egiteko aukera izango dute ume, gazte eta nagusiek batera. Jai giroak, gainera, ez du etenik izango, eta arratsaldetik gauera arte luzatuko da.
Ohiko ekimenek ere –dantza ikuskizunak eta pilota partidak– hartuko dute plaza, batez ere Santixau egunean. Horrez gain, berritasunak ere badagoz. Estreinako
Etxebarriko I. Chef Lehiaketa antolatu dute 10 eta 17 urte bitarteko gazteei begira. Plazan bertan prestatuko diete sukaldean egiteko txokoa, eta lau laguneko taldeetan banatuta prestatu beharko dute janaria. Momentuz lau taldek eman dute izena, eta tortilla bat prestatu beharko dutela aurreratu dute antolatzaileek.
Santixau Eguneko 22:00etan emango zaie amaiera jaiei
Etxebarriko II. Film labur lehiaketan parte hartu duten filmen emanaldiagaz. Guztira, lau film aurkeztu dira, eta horietako bat aukeratu beharko dute epaimahaiak eta ikus-entzuleek, aurtengo saria eramateko.
Herri afaria. Jaietako gune nagusia plaza izango bada ere, erretiratuen bazkaria eta Gazte Asanbladak antolatutako herri afaria frontoian egingo dira. Zapatuko herri afarirako txartelak Otsolo, Olaia eta Irubide tabernetan eskuratu daitezke, 10 eurotan nagusienak eta 5 eurotan 12 urtetik beherakoenak.
Herri afariaren ondoren, Itzalak, Hara! eta Mugi Panderoa taldeen
kontzertuak egongo dira, txosnak antolatuta, plazan.
[SANTIXAU JAIETAKO EGITARAUA]