Iaz baino kirolari gehiago egongo dira kostaldeko lasterketan bihar
Gaur gauerdian itxiko dute izena emateko epea. Kostaldeko bidea itxita egongo da proba hasi baino ordu erdi lehenagotik, eta autobus zerbitzua ere egongo daIaz baino korrikalari gehiagok parte hartuko dute Ondarru-Lekitto kostaldeko lasterketan.Bihar e...
Gaur gauerdian itxiko dute izena emateko epea. Kostaldeko bidea itxita egongo da proba hasi baino ordu erdi lehenagotik, eta autobus zerbitzua ere egongo da
Iaz baino korrikalari gehiagok parte hartuko dute Ondarru-Lekitto kostaldeko lasterketan.Bihar egingo da bi herriak batuko dituen proba, 17:00etan, Ondarroako Itsasaurre plazatik Lekeitioko Independentzia plazaraino. Momentuz, 160 lagun daude izena emanda, eta antolatzaileen ustetan, «iaz baino parte hartzaile gehiago egongo dira, egun oso bat geratzen baita, eta iaz 162 izan baitziren parte hartzaileak». Izena ematea gaur gauean amaituko da. Gauerditik aurrera ezin izango da izenik eman, ezta lasterketaren hasiera puntuan ere.
Antolatzaileek nabarmendu dutenez, errepidea erabat itxita egongo da lasterketa hasi baino ordu erdi lehenagotik, eta korrikalariek bi ordu edukiko dituzte ibilbideak dauzkan 16 kilometroak burutzeko. Azpimarratu dute, Ertzaintzak emandako irizpideei jarraituz, bidegurutze bakoitzean antolakuntzako kideren bat egongo dela, autoak lasterketa eremura sartu ez daitezen; gainera, lehen korrikalariaren aurretik ere antolakuntzako auto bat joango da. Ondarroako Itsasaurre plazatik egingo den irteera ez da neutralizatua izango.
Anoa puntuak 5. kilometroan eta 10. kilometroan egongo dira, eta gogorarazi dute puntu horietan soilik edatekoa egongo dela. Hornidura solidoa bakarrik Lekeitioko helmugan egongo da. Bestalde, antolakuntzak txosna bat ere jarriko du Independentzia plazan, jai giroa bermatzeko.
Autobusak
Lekeitiotik Ondarroara etorri nahi duten korrikalariek autobus zerbitzua edukiko dute 15:00etatik 16:00etara. Bestalde, dortsal banaketa Ondarroako Itsasaurre plazan egingo da, 15:00etatik 16:45era bitartean. Ondarru-Lekitto kostaldeko lasterketan maila berean parte hartuko dute korrikalari guztiek, eta soilik emakumeen eta gizonen arteko bereizketa egingo da sariak ematerako orduan. Sari banaketa 19:00etan hasiko da Independentzia plazan.
Antolatzaileen asmoa lasterketa denboraldiko hitzorduetan finkatzen joatea da, eta inguruko korrikalarien artean urteroko aukera bihurtzea.