Izenburu horixe jarri zion Xabier Letek Kataluniari egin zion kantuari; 1978 urtea zen … «
Anai zaharren lur gazte, borrokan ezaguna…» Anaia zaharra, kidea, bidelaguna… Bakoitzak badaki zein sentimenduk sorrarazten dion Kataluniak.
Katalanak aspertu egin dira eta lehertu da egoera. Inork (nik neuk ez behintzat) pentsatuko ez genukeen tonua hartuz. Hala ere, lasaia eta irmoa da euren erantzuna. «Sediziogile» eta «gaizkiletzat» hartu dituzte espainiarrek, katalanek berriz, irrifarra, irudimena eta zentzumena erabiliz erantzuten ari dira.
Frankismoaren garai gordinean ematen ziren moduak eta legeak bidea hartzen ari dira une hauetan. Espainiak uste badu beldurra erabiliz amore emango dutela, jai daukate katalanekin, lehen epela zena berotzen doa egunak aurrera egin ahala.
Hasiera batean parte hartzeko asmorik ez zuen batek baino gehiagok
votarem! dio gaur. Herrialdea indarrez hartu duten milaka polizia eta guardia zibilek ere ez dute zapuztuko herritarren itxaropena eta ilusioa. Hartutako neurriek errebeldia eta desobedientzia indartzeko balioko dutelakoan nago.
Agintariek ez dituzte kale zalapartatsuak maite, modu «zibilizatuan», sumisioz bete behar euren aginduak, euren erara. Eta guk zer diogu gure Euskal Herri honetatik?
Badirudi Kataluniako egoerak hazkura eragin diela jeltzaleei eta «haserretu» egin direla Espainiako Gobernuarekin: «Eskumenen negoziazioan noiz hasi zain gaude». 1979an sinatu zuen Jaurlaritzak Gernikako Estatutua, hogeita hemezortzi urte hauetan, oraindik 37 eskumen betetzeko, eta zentzumenez jokatu behar dugula diote, Espainiako zentzumenarekin?
Hemengo agintariak ere ez dira zarata zaleak, ez dute konfrontazio politikorik nahi. Demokrazia hitzak ahoa betetzen die baina deus gutxi hortik aurrera. Guk ere izango dugu bada zer eskatu…!
Jakina da Espainiak bere meneko nahi dituela katalanak, euskaldunak eta beste guztiak. Katalunia maite duela dio Urkulluk, baina ez du gustuko nola ari diren Katalunian. «Irtenbide justua eta demokratikoa behar du Kataluniak», diote jeltzaleek. Eta zein da irtenbide justua? Espainiako justizia erabiltzen ari dena? Eta Euskal Herrian noiz helduko dio anaia zaharrak hasitako bideari? «
Zu zara beste aberri, etxe hurbil maitea…».