Proiektu berriak bultzatzeko asmoz sortu da Googaz ekimena
Bizkaiko zazpi herritan jarriko dute martxan, tartean, Gernika-Lumo, Bermeo eta Lekeition. Bermeon hasiko dira ideia lehiaketagaz, zapatuan, 10:00etanGoogaz gazteek gazteentzako sortutako ekimena da. Barikuan aurkeztu zuten Bermeon, eta azaldu zutenez,...
Bizkaiko zazpi herritan jarriko dute martxan, tartean, Gernika-Lumo, Bermeo eta Lekeition. Bermeon hasiko dira ideia lehiaketagaz, zapatuan, 10:00etan
Googaz gazteek gazteentzako sortutako ekimena da. Barikuan aurkeztu zuten Bermeon, eta azaldu zutenez, Bizkaian gazteei proiektu berriak sortzen laguntzea dute helburu nagusi.Mugimenduak Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa dauka, eta Bermeon, esate baterako, udalaren eta Etxebastar enpresaren laguntza ere badauka.
Bizkaiko zazpi herritan martxan jarriko dute Googaz: Bermeo, Gernika-Lumo, Lekeitio, Ermua, Sopelana, Bilbo eta Barakaldo. Herri horietan guztietan herrietako arazoei irtenbideak bilatzeko ideia lehiaketak antolatuko dituzte, Googaz Boloak izenekoak. Ondoren, herri guztietako irabazleek Bizkaiko Kopa txapelketan parte hartuko dute.
Googaz ekimena Bermeon hasiko da. Zapatuan, Kabidxen batuko dira gazteak, 10:00etan. Lehenik eta behin, Googaz ekimenari buruzko azalpenak emango dizkiete bertaratutakoei. Ondoren, herriko arazoak izango dituzte hizpide, eta, horretarako, talde txikietan banatuta egingo dute lan. 12:30ean, brainstorming-a egingo dute, hau da, dinamika eta erreminta ezberdinen bidez sormena landu eta ideiak sortuko dituzte parte hartzaileek. Googaz ekimenaren ordezkari Irati Arrienek esan duenez, «ideia berriztagarriak eta zoroak» gura dituzte.
Herriko arazoak definituta eta ideiak mahai gainean izanik, irtenbideak bilatuko dituzte parte hartzaileek, «martxan jartzeko prest daudenak».
Epaimahaiaren aurrean
Mokadu bat hartu ondoren, 15:00etan, taldeek aurrera ateratzeko plana egin beharko dute, eta bideragarria den aztertuko dute. Amaieran, epaimahaiaren aurrean aurkeztu beharko dituzte proiektuak.
Epaimahaia Googaz ekimeneko, Bermeoko Udaleko eta Etxebastar enpresako ordezkariek eta Bermeoko gazte ekintzaile batek osatuko dute.
Arazoari irtenbiderik egokiena bilatzen dion taldeak, hau da, ideiarik onena aurkezten duenak 1.000 euroko saria jasoko du, Bermeon ideia hori abian jartzeko. Era berean, ideia martxan jartzeko aholkularitza ere jasoko dutela adierazi dute. Taldeko irabazle guztiek, gainera, Bilbao BBK Live jaialdirako sarrerak jasoko dituzte.
Lehiaketan banaka edo taldeka parte hartzeko aukera dagoela nabarmendu dute. Izena eman gura dutenek boloak.googaz.biz-en egin beharko dute. Izena ematerakoan, banaka edo taldeka parte hartuko duten zehaztu beharko dute parte hartzaileek. Dagoeneko hamabi lagunek eman dute izena, baina 25 gazte batzea gurako luketela azaldu dute.
Googaz ekimeneko bultzatzaileek «gazte konformagaitzak» deitu dituzte parte hartzera, «gazteentzako lekua ere badagoelako herrian».
Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek ere parte hartu zuen aurkezpenean. Udalak ekimena antolatzen laguntzen duela esan zuen, «Googaz ekimenaren filosofiagaz bat egiten duelako» eta ekimen horren bidez hainbat helburu lortzen direla uste duelako; besteak beste, pentsaera ekintzailea zabaltzea, gazteen gaitasunak eta sormena indartzea eta era fresko eta originalean errealitatea hobetzen laguntzea. Horrez gain, alkatearen ustez, «ekintzaileen, enpresen eta administrazioaren arteko elkarlanaren eredu» da Googaz ekimena.