Mendibarren frontoia jendez bete da gaztetxoek euskaraz eta euskaragaz gozatzea helburu duen sariketaren lehen saioa ikusteko. 17:00etarako zeukaten atzo [azaroak 19] ordua jarrita parte hartzaileek, eta nahikoa arinago ailegatu ziren asko eta asko. Atzo parte hartu behar zutenak ez eze, datozen finalaurrekoetan ariko diren batzuk ere han zeuden, lehiaketaren nondik norakoak ezagutu eta lehen saiokoak animatu asmoz.
17:30ak inguruan eman zioten hasiera lehiaketari Herri eta Bixi–k, taldeen aurkezpenagaz. Hika-Mikan, Kaxero Gaupasero, Tximistak eta Ganberruk izan ziren lehen lehiakideak, 8-11 urte arteko atalean. Mimika (lanbide bat, jateko bat eta leku bat igarri behar izan zituzten), esketxa edo show-a eta Lea-Artibai eskualdeari buruzko galdera sortari erantzun behar izan zien. Proba berak izan zituzten aurretik 12-16 urtekoek: Burugogorrak eta Egurre!!! Hiru probetan ondo baino hobeto moldatu ziren gaztetxoak, eta finalerako bi txartelak puntu erdiko aldeagatik baino ez ziren erabaki. Hika-Mikan eta Egurre!!! egongo dira abenduaren 2an Markina-Xemeingo Uni frontoian jokatuko den finalean.
Mendibarren frontoian jende asko batu da
Amaieran, talde argazkia atera zuten, eta ondoren, opariak jaso zituzten: Baskaran gaztandegiko gazta eta Lea-Artibaiko mapa. Eta parte hartzaileek ez eze, ikus-entzuleek ere izan zuten sagar zukua probatzeko aukera. Arratsalde polita igaro zuten guztiek, euskaragaz jolasean.
25 talde. 8 urtetik 16 urtera bitarteko 143 gaztek izena eman dute Euskerean Eupadea! lehiaketan. Ekimena Lea Ibarreko Mankomunazgoak, Lea-Artibaiko Amankomunazgoak eta eskualdeko udalek babestu dute, bai eta tokiko zenbait enpresa eta kooperatibek ere. Hilaren 25ean jokatuko da bigarren finalerdia, Aulestiko Udal Aretoan (18:00etan) eta 26an, Etxebarriko frontoian (12:00etan) eta Munitibarko Udal Aretoan (18:00etan).
Finala abenduaren 2an izango da, Markina-Xemeingo Uni frontoian, 17:00etan. Finaleko ariketak. Finalerako sailkatzen direnek taldea aurkezteko bideo bat egin beharko dute. Horrez gain, taldekako show bat ere egin beharko dute; eskualdeko pasarte bat antzeztu beharko dute. Zein da zein? jokoa ere egingo dute, eta azkenik, Potokumeak ariketan bertso ezagunen errimak asmatu beharko dituzte. «Berdinketarik balego, galderen jolasari helduko genioke berriz».
Burugogorrak, mimika egiten
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.