Biren taldea izan da oholtzara igotzen lehena.
Txilixoka Musika Kolektibu elkarteak antolatutako eguna arrakastatsua izan da Ondarroan. Herriko musikari eta musikazaleek euren egutegietan gordeta geratuko den eguna
goi-goitik ospatu dute.
Alamedan jarri duten karparen babespean elkartu dira eguerdian trikipoteoa egin eta bazkaltzeko. Eguraldiak lagundu ez duen arren, musikariek berezkoa duten giro bikaina sortzeko gaitasuna ahalbidetu dute karpako jendetza berotzeko. 16:30ean ekin diete
Alexander Idoeta eta Iñaki Lersundi herriko bertsolariek hango eta hemengo kontuei buruz abesteari.
Iñaki Lersundi eta Alexander Idoeta bertsolariak.
Ordubete beranduago hasi da jaiaren ekintza garrantzitsuena: herriko talde eta musikarien kontzertuak. Modu oso ezberdinetako musika entzun ahal izan da Alamedan:
Biren, Piztiak, Beta, Markos Untzeta & Esku Hutsik, Gatz, Azalera, Itzalak, Hara!… Keuk
ezin izan du oholtzara igo, katarro bat tarteko.
Antolatzaileek gogorarazi dute jaiaren helburua herriko taldeak ezagutzera emateaz gain, sortu duten elkartearen aurkezpen ofiziala egitea zela; aurtengo
udaberrian sortu zuten Txilixoka elkartea. Lokalen erabilera erregulatzea eta horrela sortzaileen arteko harremanak sustatzea, sormena bultzatzea eta egiten duten lana kalera ateratzea dira elkartearen
helburuak.
Herritar asko hurbildu da Txilixoka Eguneko bazkarira.