Irakurketa Kluba sortuko dute Ispasterren
3 eta 5 urte bitarteko umeei eta horien gurasoei zuzendutako ekimena da, eta parte hartu nahi dutenek abenduaren 22a [barikua] baino lehenago izena eman behar dute udaletxean (94-684 29 99).
Jakitera eman dutenez, udalerrian erroldatutakoek eta herriko eskolan matrikulatuta dauden umeek daukate lehentasuna.
Irakurketa Klubaren helburuak honako hauek dira: haur eta gurasoen artean irakurketa giroa sortzea, kalitatezko euskal bibliografia ezagutzea eta liburuen komentarioak bultzatzea.
Ispasterko udal liburutegian egingo dituzte saioak eguaztenetan, 17:30ean hasita. Dagoeneko hiru data zehaztu dituzte. Lehenengo saioa abenduaren 27an izango da; hurrengoa urtarrilaren 3an egingo dute, eta bestea urtarrilaren 17an.
Informatika ikastaroak. Bestalde, 14 urtetik gorakoentzat hainbat informatika ikastaro eskainiko dituzte liburutegiko KZgunean. Parte hartzeko udaletxean (94-684 29 99) izena eman behar da.
Ikastaro bakoitzean gehienez hiru pertsona egon ahalko dira, eta azaldu dutenez talde osoa euskalduna bada ikastaroa euskaraz izango da.
Urtarrilaren 8tik 21era Oinarrizko Internet eta Smartphone eta mezularitza ikastaroak emango dituzte. Biak ala biak 20 ordukoak izango dira, eta parte hartu nahi dutenek abenduaren 15a [barikua] dute izena emateko azken eguna. Oinarrizko Internet ikastaroa 09:30etik 11:30era izango da, eta Smartphone eta mezularitza, ostera, 11:30etik 13:30era.
Halaber, otsailaren 19tik 28ra Google aplikazioak eta Argazkien tratamendua ikastaroetan parte hartzeko aukera egongo da. Horretarako, urtarrilaren 18a arte [eguena] izena eman daiteke. Bi ikastaroek 16 orduko iraupena izango dute. Google aplikazioak 16:00etan hasi eta 18:00ak arte emango dute, eta Argazkien tratamendua 18:00etatik 20:00etara izango da.