Hiru partidu jokatuko dituzte asteburuan, Lekeitioko trinketean
Lekeitioko trinketeko kantxaren hezetasunak eta jokalarien lesioek egutegi aldaketak eragin dituzte Beteranoen Esku Pilota Txapelketan. Hala, hiru partidu jokatuko dira asteburu honetan; lehenengoa gaur bertan jokatuko da, 20:00etan, eta beste biak dom...
Moral eta Martin eta Kaltzakorta eta Bastida bikoteen arteko norgehiagoka aurreikusita dauka txapelketaren antolakuntzak gaurko. Hala ere, Bastidak lepoa kargatuta duela esan dute, eta gaur bertan jakingo dutela jokatzeko moduan dagoen.
Bestela, ikusteko moduko partidu polita izango dela iragarri dute, «Moral eta Martin gorantz datoz eta».
Partidarik galdu barik
Astigarraga eta Egaña alde batetik eta Kaltzakorta eta Bastida bestetik aterako dira lehenbizi trinketeko kantxara domekan. Astigarragak eta Egañak ligaxka guztia daramate partidurik galdu barik, eta faboritoak direla diote antolatzaileek, «batez ere Astigarraga, erakusten ari den sasoi onagatik». Baina Kaltzakorta ere ezustekoa emateko gai ikusten dute. «Atzean, ostera, txapelketako jotzaile handienak aurrez aurre ariko dira. Bastida nahiz eta oraindik partidu gutxi jokatuta egon, 2016an txapeldun izan zen garaiko jokoa erakutsi nahian egongo da».
Jaunarena nafarrak eta Foster lekeitiarrak eta Pradera mallabiarrak eta Gandiaga berriatuarrak emango diete amaiera domekako jardunaldiari. Pradera eta Gandiaga gazteak jokoa atzean kargatzen saiatuko direla uste dute antolatzaileek, Jaunarenaren aurreko jokoari ihes egiteko. Baina Fosterrek partidu borobila eginez gero, zailtasunak jarriko dizkie gazteei.