Muruetak eta Sokarrik 600 kiloko finala jokatuko dute bihar
Goma Gaineko Euskadiko Sokatira Txapelketa azken txanpan sartu da, eta bihar Ibarrako Kiroldegian lehiatuko dituzte gizonezkoen 600 kiloko finala eta emakumezkoen 500 kiloko bigarren jardunaldia.Urtarrilaren 27an eta otsailaren 3an Bilbon jokatutako bi...
Urtarrilaren 27an eta otsailaren 3an Bilbon jokatutako bi sailkapen jardunaldietan puntu gehien lortu zituzten sei taldeak ariko dira 600 kiloko finalean. Murueta eta Sokarri talde bizkaitarrekin batera, Ibarra gipuzkoarra eta Beti-Gazte eta Txantrea nafarrak ariko dira lehian.
Aipatu bi sailkapen jardunaldietan, Beti Gazte nagusitu zen. Bietako emaitzak bilduta, 21 puntugaz sartu da finalera. Gaztedik eta Ibarrak 19na puntu batu dituzte; Sokarrik 16 puntu, Muruetak 13 puntu eta Txantreak 12 puntu.
Emakumezkoen 500 kiloko bigarren saioan talde hauek parte hartuko dute: Badaiotz, Ibarra, Gaztedi, Txantrea, Beti-Gazte eta Berriozar.
500 kiloko finala otsailaren 24an jokatuko da, Laukizen. Egun horretan 560 kiloko saio bakarra ere lehiatuko dute. Biharamunean mistoko 600 kiloko saioa lehiatuko dute Bilbon, Euskadiko Goma Gaineko Txapelketari amaiera emanez.
Bestalde, aurreko zapatuan Idiazabalek hartu zuen gizonezkoen 640 kiloko finala, eta Beti-Gaztek etxeratu zuen txapela tiraldi bakar bat ere galdu barik.
Ibarra eta Ñapurrak-Lagunak sailkatu ziren bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. Horien atzetik geratu ziren finaleko bi talde bizkaitarrak; Sokarri laugarren sailkatu zen, eta Gaztedi bosgarren. Zuraide talde lapurtarra geratu zen azken postuan.