Iluntasunaren ondorengo argia
2016ko martxoaren 8a zen. Kamiñaldetik harriak erortzen hasi ziren San Ignazio kaleko etxeetara. Bizilagunek alde egin behar izan zuten. Amesgaiztoa hasi zen.Zunbeltz Bedialauneta Ondarroako alkateak kargua hartu berri zuen aurreko egunean. Ez zuen ha...
2016ko martxoaren 8a zen. Kamiñaldetik harriak erortzen hasi ziren San Ignazio kaleko etxeetara. Bizilagunek alde egin behar izan zuten. Amesgaiztoa hasi zen.
Zunbeltz Bedialauneta Ondarroako alkateak kargua hartu berri zuen aurreko egunean. Ez zuen hasiera erraza izan bere agintaldiak. Lehen erabakia: San Ignazio kaleko bizilagunak etxebizitzetatik ateratzea, Kamiñaldeko mendi magala beherantz zetorren eta. Bezperan lehen harriak erori ziren, gero familiak kanporatu behar izan zituzten, segurtasunagatik. Bizilagun eta jabeekin batzarra egin, eta udaletxera bidean dei garrantzitsua: «San Ignazio kalea osorik hustu behar da».Hasieran atari batzuk izan baziren ere, azkenerako kalearen bi aldeetako etxebizitza, denda eta jabetzak hustu behar izan zituzten. Zinta gorri bat Zaldupeko Zubian eta beste bat Kamiñazpiko biribilgunean. Kalea hutsik eta kezka nagusi. Harriak, lokatza eta hezetasuna etxe barruraino. Hormak eta leihoak irentsi zituen mendiak. Bizilagunak atzera eta aurrera, eta komunikabideak han eta hemen. Loren Arkotxa alkatearen laguntzaile eta alkate ohiaren esanetan, herriak jasan duen hondamendi handienetakoa. Udal arduradunak, udaltzaingoa, ertzainak, Gurutze Gorria eta suhiltzaileak atzera eta aurrera. Kiroldegiko kantxa kirolerako beharrean, larrialdi mahaia eratzeko.
661 gau
Lehendakaria, sailburuak, ahaldun nagusia eta beste agintari batzuk ere agertu ziren beherantz etorritako mendiaren parera. Baina herritarrek azpimarratu dute udaleko arduradunak baino ez zirela geratu telebistako kamerak eta mikrofonoak Kamiñaldetik eta San Ignaziotik aldendu zirenean. Udalak ere kritikatu zuen erakundeen jarrera: «Lagundu bai egin digute, baina herri txiki bat gara, eta gure kabuz kudeatu behar izan dugu ia guztia».
661 gau igaro dira martxoaren 8ko iluntze hartatik azken familiak euren etxeetara itzuli ahal izan dutenera arte. 15.864 ordu luze eta astun norbere etxean lorik ezin eginda.
2017ko abenduaren 27an ikusi zuten argia etxeetatik kanpo zeuden azken familiek. Orduan eduki zuten itzultzeko aukera.
Baina argi laga nahi izan dute arazoa ez dela amaitu. Oraindik ere Kamiñaldeko eta Kaleandiko bizilagunak normaltasunera ez dira itzuli, eta lur jabeek ere lursailak ezin izan dituzte eureganatu.
Goizane Zabala Saiñazio Mendi Azpixan gestorako bozeramaileak esan duenez, kezka izan da nagusi amesgaiztoak iraun duen ia 24 hilabeteetan. Finantzazioa, emergentziatik urgentziara pasatzea…. Baina denbora guzti horretan Ondarroako Udalaren eta Saiñazio Mendi Azpixan gestoraren arteko «elkarlana» ere goraipatu du. «Hasieran astelehenero eta barikuro, eta ondoren, astean behin batzar asko egin ditugu, eta horri esker lortu dugu aurrera egitea. Eskerrik asko».
Alkateak arazoari aurre egiteko batasuna eta elkarlana nabarmendu ditu prozesu osoan. Elkartasuna bai udal taldean, bai gestoragaz eta baita herritarrekin ere: «Hilabete gogorrak izan dira Ondarroako herriarentzat, baina gaur, harro esan genezake tamaina honetako arazoei ere irtenbidea ematen jakin dugula». Gestorako kideen berbekin ere bat etorri dira udal ordezkariak: «oraindik mendia egonkortzeko azken fasea bukatu gabe dago, besteak beste lur jabeen gaia konpondu behar da eta itxita jarraitzen duen bidea zabaldu. Orain arte lehentasuna San Ignazioko bizilagunak etxera bueltatzea izan da baina aurten beste guztia bideratu behar dugu».
Mendi magala behera etorri zenetik arazoari irtenbidea aurkitzeko finantzazioa bilatzen eduki dute buruhaustea guztiek: etxebizitzen alokairua, konponketak, kalteak… Udalak gogorarazi du finantzazioaren zati handiena udalak jasan behar izateak eragina eduki duela udalaren ekonomian, «beste erakundeen laguntza ez delako nahikoa izan». Udalak 7 milioi euro, Jaurlaritzak 3,2 milioi, Bizkaiko Foru Aldundiak 2,5 milioi eta Espainiako 2,18 milioi euro jarri dituzte; 14,88 milioi euro guztira. Udalak jarritakotik 5 milioi euro mailegu bidez eskuratutakoak dira, hau da, herriak urte beterako duen aurrekontuaren erdia zorpetuta geratu da.
Udal arduradunek abenduaren 29ko prentsaurrekoan esan zuten orain aurreko obrak nola egin ziren eta gertatutakoa nola jazo zen aztertzen dabiltzala, «gehiago ez gertatzeko».
Alkateak azpimarratu zuen duela 24 hilabete udala zegoela mahaiaren alde batean eta kaltetutako auzotarrak bestean. Baina abenduaren 29ko Kofradia Zaharreko prentsaurrekoan udala eta herritarrak, denak batera ikusi ahal ziren, elkarlanaren seinale. «Irudi horrekin geratzen naiz ni», esan zuen Zunbeltz Bedialauneta alkateak.
Auzotarrek berriz zera aldarrikatu zuten prentsaurreko horretan: «Pozik gaude, baina oraindik ez da amaitu».